Surflari ernegatua

Aurrerantzean itsasoan

Gauza bat ahaztu zaik!» esango lidake ondoko artikulua irakurriko balu, eta segidan zerbait berria irakatsiko lidake, edo agian, nik garrantzirik ematen ez diodan zerbait kontuan hartzekoa zergatik den azalduko lidake, eta ziur naiz, ohiko astelehen bat balitz, eztabaida interesgarria izango genukeela. Horrela, ia astelehenero bezala, zerbait berria ikasiko nuke. Baina gaurkoa ez da ohiko astelehena...

Taula zaharra hartu eta itsasoratu naiz. Topatu dut lasai eta bakarrik surf egin dezakedan eremu bat. «Hik beti topatzek». Eta hizketan hasi gara, ohiko moduan, bera hika eta ni zuka, familia eta nagusitasun kodeak errespetatu beharrekoak baitira eta, gainera, garrantzitsuak dira, errespetua erakusteko.

Udako olatu narrasak eta katxopen antzeko apar txikiak uhinen gain aldeetan, ez dute ihesbide handirik ematen, ez ezker ez eskuin. «Ze nahi dek pa? Azken egunetan itsasuak hondarra ekarri dik, oaintxe hondartzan oinez ibiltzia elurretan ibiltzia bezela dek». Portzierto, “elurretan mara mara”, txikitan abesten zenigun kanta, abestu zizuten. «Earra izan huan, eman eskerrak danai nere partez».

Zerrenda luzea da, badago eskerrak zeini eman; adibidez, onkologikoan eta ospitalean, zein jende jatorra. «Ta euskaldunak! Alde earra ziok batekuak o bestekuak izan...». Eta etxera etortzen ziren paliatiboseko sendagileak? «Hoyei opari bat in nere partez, aitze al dek? Sin falta eh!». Nire kontu.

Beno, aita, uhin bat, lerro bat, gerturatzen ari da, olatu bat hartu eta banoa lehorrera. «Segiyok ze ama zai izangoek, inoiz ondo ite eztituken erosketak iteko, ta gañea laixte haizia zakartu ta itsasuak okerrea ingoik». Bihar arte, aurrerantzean hemen ikusiko dugu elkar, itsasoan...