J. Agustin OZAMIZ
KOLABORAZIOA

Sasoia

Proiektu bakoitzak bere une egokia dauka eta, Eclesiastesek esaten duen moduan, denbora bakoitzak, sasoi bakoitzak, bere eginbeharrak dauzka.

Gernikan antolatu egin zen, beharbada sasoi ez egoki batean, "Rapid resolution" ospitalea, gaixoak operatu eta egun berean etxera bidaltzeko monitorizatuta. Nahiz eta Europako beste lurralde batzuetan horrelako ospitaleak antolatu zituzten, hemen ez zen ulertzen modu horretako ospitale bat antolatzea. Gainera, handik gutxira, osasun arloak ohiko ospitale berri bat antolatu zuen 200 gelekin, Urdulizen, eta Gernikako ospitalea kritikatzen zutenak, beharbada arrazoi politikoekin, sakonki ezagutu barik zelako zerbitzua eman nahi zen, Gernikan oherik gabeko ospitalea antolatu nahi izatea bizikiago kritikatzen hasi ziren.

Sasoi bakoitza eta momentu bakoitza bere gertaerak egiteko edo jasotzeko egokia da.

Adibide bat, orain dela gutxi lagun batek deitu zidan esanez bilera batean ekintza sozialeko diputatu berriarekin egon zela. Gauza berritzaile bezala aurkeztu zuten etxeko zainketak monitorizatzeko tresna bat, eta nire lagunak eskua altxatu zuen eta esan zuen horrelako tresna bat Ozamizek eta eskoziar batek egin zutela orain direla 15 urte, BEAZek lagunduta.

Zeozertarako sasoia zera da: horretarako faktore egokiak gertatzen diren momentua. Sasoian sasoikoa da beti onena. Beraz, sasoi bakoitzean existitzen diren faktore lagungarriak aprobetxatu behar dira proiektuak burutzeko.

Eman dezagun auto baten barruan musika entzuten zaudela, eta horrelako batean, autoa dagoen lekurantz neska eder gazte bat datorrela, bere pausoek musikaren erritmo bera daramatelarik. Neskak, zu auto barruan berari begira zaudela oharturik, irribarre luze bat egiten du. Bizipoza handitu egiten zaizu. Horrelako momentuak oso onuragarriak eta eraginkorrak dira bizitzan.

Metafora horrekin deskriba daiteke zer gertatuko zaigun euskaldunoi laster. EAEn gaude, auto ziur baten barruan bezala, askatasunaren musika gure autoan entzuten ari gara. Bat-batean musika horren erritmoarekin egoera egoki bat hurbiltzen da guregana, eta irribarre egiten digu; bizipoza handituko zaigu, denok independentzia aldarrikatu arte.

Aise iragar daiteke independentzia aldarrikatzeko sasoia laster izango dela Euskadin. Estatu espainolean eskuin muturrekoak, autonomietako gobernu batzuetan partaideak, Espainia cañi (ez ijitoena) berriro antolatzen ikusiko ditugu. Bestalde, inflazioak eta bankuen aseezintasunak, hipoteken interesak gora eramateak eta soldatak eta pentsioak ez altxatzeak, egoera sozial ezegonkorra sortuko dute; eta aldaketa estrukturalak beharko dira. Orduan hemen, Euskadin, ados jarriko gara alderdi abertzaleak independentzia aldarrikatzeko, ziur nago. Ikuspegi zabal bat izanda, argi aurreikus daiteke hori. Neuk ez dut ikusiko, baina lasai joango naiz hori laster gauzatuko dela iragarriz.

Gehienek horretan pentsatu ez, eta zorionez gertatzeari “serendipity” deitzen zaio. Gizadiaren historia serendipity kasuz beteta dago. Ezustekoa ez da gertatzen arazoak sortzeko, beharbada aurretik ihes egindako beste errealitate batzuk ikustera bultzatzeko baizik. Ezkutatu ohi duena zoriaren oparia da. Errealitatearen inperfekzioa onartzea, akatsetan erantzunak aurkitzea eta ustekabekoei irudimenez erantzutea dira zorionaren ardatzak.

Kezkatzen nauena da nolabaiteko independentzia lortuz gero, hortik aurrera zer egingo dugun. Autonomia lortu eta geroko esperientziak kezkatzeko arrazoiak ematen dizkit. Hiru arlotan labur daitezke, nire ustez, EAEren garapenean euskaldunok izan ditugun esperientzia negatiboak: oso ahulak izan gara EAEko zerbitzariei euskara jakiteko eskatzerakoan; ez gara gai izan gure artean komunikatzeko; eta Espainiako gobernuak, maltzurkeriaz, gure taldeetako buruzagiak elkarren aurka borrokatzen jartzen jakin du.