Inazio MURUA
ZORROZTARRIA

Hemengoak eta kanpotarrak, gustua eta gastua

Maiz samar joaten naiz Gasteizera. Orain hurrengoan, lagun baten etxera bidean, atzetik zetorren ahots bat entzun nuen: «Oiga, jefe, es usted de aquí?». Burua biratu eta lauzpabost pertsona ikusi nituen, belarriak, sudurra eta eskuetan zenbait mapa zituztela. «Ez naiz hemengoa», pentsatu nuen. Ez naiz hangoa, baina baietz esan nien. Edo bai, banaiz... Behin Gasteizko taberna batean, hain zuzen, gizon bat zegoen, bere seme txikiarekin, zerbitzariarekin hizketan, gaztelaniaz. Guk berehala sumatu genuen frantximantak zirela, eta gutako batek giri hitza esan zuen ozen samar. Gizonak entzun egin zuen eta Lapurdiko euskara garbian esan zigun ezetz: «Bainan ni ere hemengoa naiz». «Bai, jakina, noski, naski, prefosta...», guk. Eta edana eta pintxoak ordaindu genizkien aita-semeei.

Lehengo eguneko giriak Andre Mari Zuriaren plazara bidali nituen, Alde Zaharreko kale estu batean zehar. «Ez daukazue galtzerik, gainera kale freskoa da, gaur kale freskorik izatekotan». Eta ez nien esan ni ez naizela jefea.

Turismoaren jatorria Irulegiko eskuari lotua omen da. Eta interpretazio oker baten ondorio. Harrigarria, gero. Eta, hala ere, gezurra.

Aditu talde batek baieztatu du batzuek sare sozialetan aurreratu zutena, Irulegiko eskuko idazkuna Ondarroako hizkeran idatzita dagoela. Esaldi bat deszifratu omen dute: Gustaten gasta, oso argia ematen duena, eta hurrengo hitzak jenti eta etorti izan litezke.

2.000 urte atzera eginda, baten batek hura irakurri eta bonbilla piztu zitzaion. Ez zen ondarroarra, ordea, edo ez zuen euskara hori ondo aditzen. Izan ere, «gustatzen zait jendea gastatzera etortzea» ulertu zuen. Gustua eta gastua. Norberaren (diru) atsegina eta inoren gastua. Eta turismoaren aitzindari hark jarraitzaile asko izan zituen.