Joxemari CARRERE
Ipuin kontalaria

Espazioa

Istorioa ez da inoiz marra bat, espazio bat baizik”. Arrazoia du Alessandro Bariccok (“La vía de la narración”, Anagrama 2023). Izan ere, kontatzean, istorioak ez du marra zuzenik hartzen, espazio bat baizik. Istorioa mugitu ezin den mugimendu gisa existituko dela dio idazleak, norbanakoaren adimenean edo kolektibokoan. Eta ezingo du irten. Istorioa bere barrutik atera dadin, kontakizun bihurtu beharko du. Kontakizuna bidimentsionala izango da, istorio multidimentsionalarekin alderatuta, dio Bariccok. Kontalariaren adimenean izaten den prozesua arras interesgarria da. Esango genuke, buru barneko hitzetan baino, ideietan, irudietan edo sentsazioetan bizi dela kontatu beharreko istorioa, eta kontalariarentzat bakarrik biziko da. Kontatzeko unean bestelako prozesu bat abian jarriko da, adimenetik ahora, keinuetara, mugimenduetara. Aldiz, Bariccok dioena zuzenegia ez dela esango genuke; izan ere, kontaketa bera ere multidimentsionala izango baita kontalariarentzat eta entzulearentzat. Istorioak, kontatzean, espazio fisiko eta adimentsua hartuko du kontalariaren jardunean. Mugimenduek, keinuek, isiluneek eta mintzairak istorio berari dimentsio anitzak eskainiko dizkiote, linealtasuna apurtuz. Horretan datza kontaketa, ipuin batetik abiatuz mundu anitza irudikatzea entzulearen adimenean, hark bere espazio multidimentsionala osa dezan. Espazio hori eraikitzen asmatzea da kontalariaren ofizioa, istorio batetik abiaturik bizitza bera multidimentsionala dela irudikatuz.