Estatistika berria, betiko istorioa
Bost izarreko hotelak atzoko kontuak dira. Egungo superaberatsek, hedabide serioen arabera, pizgarri edo gutizia azkar bat behar dutenean, luxuzko suite dotorea baino lehen jauregi eiteko txaletak aukeratzen dituzte. Grezian, Italian, Frantzian daude aukera gehien, baina Portugal gora dator. Hainbeste aukera!
Munduan zenbatek ordain dezake horrelako kapritxoa? Begiratu dut. 167 urteko instituzioa zen Credit Suisse-aren -UBS aurkari suitzarrak pandemia ostean irentsi zuen arte- Aberastasun Globalaren Txostena orriztatu besterik ez dago.
Espantuz irakurtzen dira salmoi koloreko prentsa ekonomiko serioan lerroburuak: «2008tik lehen aldiz behera egin du munduko aberastasunak». Globalki, pertsona helduko aberastasuna 3,6% jaitsi omen da. Letra txikiak bestela dio: bere izenean 10.000 euro baino gutxiago duen munduko populazioaren %52, planetako aktibo guztien %1,2en jabe da. Eta milioi bat euro baino gehiago duen %1,1 munduko aberastasunaren %45aren jabe da. Bere izenean 50 milioi baino gehiago dituztenen (243.060, zehazki) %52 AEBetan daude. Laburbilduz, AEBetako superabertsek gure poltsiko globalak menpean dituzte. Eta Ukrainako gerrarekin biderkatu egin da joera. Ez, ez da heresia: No war except for class war.