Jon GARMENDIA
Idazlea

Belabeltza

Parkean ikusi dut gizon zahar bat, banku bakarti batean, baina ez dago bakarti; ni bai, hari begira. Bankuaren erdiari eguzkiak jotzen dio, beste erdia itzaletan dago, gizona bien artean jesarrita, izerdiari zapi zuri bat eskaintzen. Haurrak jolasean ikusten ditu ondoan; haien irribarre liluragarria itsasoko airea bezain garbia da. Txolarre pare bat bueltaka, eta belabeltz ikarati bat zelaian. Begiak ixten ditu gizonak; oroitzapenetan galtzen dela iruditu zait niri, liburu ireki bat bezala, berriro agertzeko prest, ezustean. Zuhaitzak behatzen ditu. Bastoiari heldu eta zutitu egin da, berriro eseri, berriro zutitu eta eseri, gero. Baloiari ostikoka zebilen haur batek ea ongi dagoen galdetu dio, eta agureak baietz, bera ere jolasten ari dela erantzun. Haurrak harridura aurpegiarekin hitzik erran gabe jarraitu du baloiarekiko borroka. Norekin jolasten duen galdegin diot nik jakin-minari ezin eutsita: hitzekin jolasten duela erran dit, ez norbaitekin. Octavio Paz oroitu dut, aspaldiko literatura nobela; hitzezko gizakiak garela zioen hark, idaztea ez dela mundua idaztea, baizik norbera. Supituan ulertu dut gizon zahar hau ez dagoela bakarrik, malabaristak bezala letrak maneiatzen dituela, barneari esaldi arinak eskainita garlandako bertsoak sortu, bere errimetan maitasuna, poza eta tristura koktel modura nahasiz, arima galduen arteko zubiak eraikitzeko. Hitzekin jolasten duen agureak azaldu dit, hasieran erran dudan bezala, bakartia ni naizela, eta agian, belabeltza.