Aitziber Pz. KARKAMO
Kazetaria
AZKEN PUNTUA

Akabo

Udak efimero usaina izan ohi du. Sarri, topikoz jositako erreportajeak baliatu behar izaten dituzte erredakzioek, abuztuko irrati minutuak edo prentsa orriak betetze aldera.

Festei buruzko albisteak ez du jasoko Aneri gertatutakoa, Anek berak ez duelako ezer esanen txosnan ari zela militantzia kide batek pasarazi zizkion une deserosoei buruz. Esajeratu hutsa delako, edo gure artean ez delako hori gertatzen. Baina asko dira komunikazio-arloan bere hitzak adi entzungo lituzketenak, eurek ere antzeko egoerak bizi izan dituztelako. Baina kazetariak ezin dira sekula protagonista izan. Beraz, ezin aipatu Miren, bekaduna zelarik bere egunkariko berrogei urteko politika arduradunak eskua hanka gainean jarri ziona, Legebiltzarrean bere lehen prentsaurrekoa kubritzen ari zela. Ezin aipatu Lorea; atzerrian korrespontsala zelarik, diplomazialari batek bere hoteleko helbidea eskatu eta bere ezetzaren ostean enbaxadako iturriak agortu zitzaizkiona.

Badute arrazoi matxoesferako martirrek eta beren jarraitzaileek guztiaren ardura feminismoari leporatzean. Inpunitatez jositako munduaren eta boterearen ikuspegi misogino eta patriarkala akabatzera deitutako mugimendua da feminismoa eta hemendik aurrerako dena gure begietatik pasatuko da nahi eta nahi ez.