Iraitz MATEO
AGUR EKITALDIA ORTZAIZEN

Ateak zabalik dira Graxi, hoa askatasuneratz

Ateak eta leihoak, guztiak zabalik zituen Graxi Etxebehereren etxeak, eta baita bere agur ekitaldiak ere. Atzo egin zuten, Ortzaizeko elizan, eta bere eskuzabaltasuna, lan militantea, umorea eta kantu zein festarako grina gogoratu zituzten. Ortzaizeko zubiak aro aldaketa ekarri, eta zubi zein bide berriak irekita utzi ditu ortzaiztarrak.

Eliza eta inguruak senidez, lagunez eta herritarrez gainezka egon ziren Graxi Etxebehereren azken agur herrikoian.
Eliza eta inguruak senidez, lagunez eta herritarrez gainezka egon ziren Graxi Etxebehereren azken agur herrikoian. (Guillaume FAUVEAU)

Etxeko ateak beti izan zituen zabalik Graxi Etxebeherek, eta atzo arratsaldean Ortzaize ere Graxiren etxe bilakatu zen. Elizako ateak zabalik eta lagunez gainezka egin zioten azken agurra euskal militanteari. Gainezka zegoen herria, baina elizan izan behar zuen halaber, Graxi bera joan baitzen, bere heriotza prestatzen ari zela, elizan baimena eskatzera; baina elizkizunik gabe, hileta zibila nahi baitzuen, eta hori ere lortu.

Arratsaldeko bostetarako herrian sumatzen zen aspaldiko lagunen elkargunea izango zela atzo iluntzekoa, horrela gustatzen baitzitzaion Graxiri berari ere. Bostak eta laurdenetarako elizako eserleku guztiak beteta zeuden, baina aurreikuspenekin jokatu zuten herritarrek, eta bozgorailuak jarri zituzten kanpora begira, inor ez zedin geratu Ortzaiztar enbaxadorea agurtzeko aukerarik gabe.

Elizara sartu eta alde batean «Ongi Etorri» oihala zegoen, kolore gorri, zuri eta berdez idatzirik -berari soilik bururatu ahal zitzaion bera agurtzera zihoazenei ongi etorria ematea-, eta beste aldean, lore sorta koloretsuak.

Seietako kanpai hotsekin batera isildu zen eliza, eta senide zein gertukoak abiatu ziren barrualdera: Graxiren argazkiak -jada bere ikur bihurtutako sanferminetako zapiarekin- eta ikurrin batek ireki zuten bidea; jarraian, bere gorpua jasotzen zuen hilkutxa bizkarrean, lagun eta kideek. Organoak ETS taldearen ‘‘Zurekin batera’’ jotzen zuen, bera ere bertan zegoela gogoratzeko asmoz edo. Ordubeteko agur ekitaldiak horren bereak ziren osagai guztiak elkartu zituen: lagunak, senideak, kantua eta aldarria. Euskal Herriarekiko engaiamendua, bere zentzu zabalenean.

Ortzaizek «enbaxadore» bat galdu duela esan zuten herritarrek, hunkiturik, eta igande arratsean, Graxiren agur mezua jasotzerakoan, bere ibilbideaz oroitu ziren; bakoitzak bere harremana izan zuen ortzaiztarrarekin, baina denek oroitzen dute eskuzabal, umoretsu, ahoan bilorik gabe eta kantuan.

KANTUAN AZKEN AGURREAN

Askok oroitu dute azken egunetan bere lan militantea, baina Graxi gehiago ere bazen, bazen erizain, eta bazen ahizpa. Bere ahizpak hitz egin zuen eta kontatu zuen beti izan dela «bihotz zabal-zabaleko ahizpa»; ama gaixotu zitzaienean, ikasketak utzi zituen Graxik, eta aitari zein etxekoei lagundu: «Beti ez zen hain erraza izan gu gobernatzea», aitortu zuen irri txikia ahoan.

Eta ahizpa zaharra «beti sutan» egoten zela gogoratu zuen, haserrealdiek ere harremanak estutzen dituztela sinetsita. Umorez mintzatu zen ahizpa, eta labur eman zion amaiera bere hitzartzeari: «Isilduko naun hi ez kexatzeko, eskerrak Graxi, hintzana hintzalako».

«Ni bezalakoak asko Euskal Herrian» esaten omen zuen berak, ordea, eta asko egongo ziren, baina Graxi bat bazen, bera zen.

Herritarrek ere hartu zuten hitza amaiezina zen Graxi oroituz: «Herri hau maitatu dun, eta azken urteetan maitasun horrek berpiztu hau, baina hik Ortzaize baino zabalagorik behar hunan, eta hori Euskal Herria zunan», kontatu zuten, eta horrek hamaika borroketan lan egitera bultzatu zuela. Bere egunerokoari lan militanteak ematen omen zion «zentzua», eta emakume nekaezina izan dela aitortu zuten guztiek.

Ortzaizeko herritarrentzat bere erizain langintzan ere garrantzitsua izan da: «40 urtez ez haiz erizaina bakarrik izan, etxekoa izan haiz. Zahar bat artatuz autonomia erakusten hionan, etxean egoteko gaitasuna eman, eta etxea zutik mantentzekoa. Duintasuna».

Eta langintza hori herrigintzarekin lotzen zuen egunero-egunero Graxik: «Herriarekiko maitasunak beste dimentsio bat ematen zionan hire lanari». Heriotzaren inguruan ere hamaika hausnarketa eta proposamen egindakoa dela oroitu zuten, guztiaren aurrean duintasuna bermatu behar zelarik.

Elizara sartzerakoan, kantuz beteriko orrialde bat banatu dute -‘‘Tiki-taka’’, ‘‘Emakume’’, ‘‘Herribehera’’, ‘‘Txikia’’, ‘‘Xalbadorren heriotzean’’-. Han zeuden letrak idatzita, Graxiren argazki batekin batera.

Kantuak eta festak ezin zuen huts egin bere azken agurrean ere. Xabier Sukiak, Graxiren festa eta lana uztartzearekin bota zuen bertsoa: «Presoen manifetan/ Nafarroaren egunetan/ Baigorriko kaletan/ sanferminetan/ Herri urratsetan/ta hainbeste festetan./ Beti oroituko zaitugu/ borroka guztietan./ Afarietan,/ lau ahotsetan,/ Ortzaizeko haizetan/ Beti oroituko zaitugu/ borroka guztietan»

ORO BERRI BATERANTZ, ORTZAIZEKO ZUBIA

Floren Aoiz tafallarra laguna zuen, eta bera mintzatu zen mugak desagerrarazteko zuen arduraz eta Euskal Herri aske eta batu bat eraikitzeko Etxebeherek egindako lanaz.

«Aro berria ekartzeko hautua» izan da Aoizentzat Graxi, eta nabarmendu zuen askok 2015ean ezagutu zutela, bere etxe pareko zubian, Polizia bera atxilotzera joan zenean. Bakegintzako langintzan beharrezko militantea izan da bere ustez, horrek «arriskuak hartzera» bultzatu zuen arren.

Ortzaizeko zubiak ireki zuen bakegintzarako pasabidea tafallarraren hitzetan, eta Graxik igaro zuen lehendabizi zubi hori, eta ondoren, «Euskal Herri osoak».

Bere etxean babes harturikoek ere hartu zuten hitza, eta zinez eskertu zioten. Bai aterpe bat eman izana, bai babesa, eta baita bere ikuspegi kritikoa ere; «zauritutako bihotzen aterpe» izana, azken batean.

Kantuekin batera, poesia bat jasota zuen sarreran emandako paperak, eta neskatilek errezitatu zuten, Graxik nahiko lukeena irudikatuz: «Oroitzen ahal zirezte bakarrik Graxiren joaiteaz, edo haren oroitzapenak biziarazi. Nigar egiten ahal duzue, bazterrean egonez eta besteeri bizkarra emanez, edo Graxik nahi lukeena: irri egin, begiak ideki, maitatu eta… jo aurrera!».

Aurreskua dantzatu, eta ‘‘Herribehera’’ kantatu zuten, jota bat kantatu ostean; bere nafartasun senak atzoko egunean ere ezin hutsik egin.

Ez egonda ere eliza guztia kantuan jartzeko ahalmena izan zuen Graxik, eta amaitzeko, guztiak zutik jarri ‘‘Xalbadorren heriotzean’’ abestu eta hilerrira joan zen sendiarekin batera.

Ohar bat egin gabe ezin amaitu, ordea: ezkerparetan guztientzako jana, edana eta kantua prest utzi zituela joan aurretik jakinarazi zuten.

Hasieratik bukaeraraino berak prestatu zuen bere agurra, besteei emana, halakoxea zen Graxi Etxebehere, eta bere agurra ere halakoa prestatu zuen: besteentzako opari bat gisa. Euskal Herri txiki bat Ortzaizen elkartu zedin.