Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Urrunetik hamalau, gerturatu...

Oporraldiaren hondarretan gara, eta eguraldia udazkenaz da jantzi. Hondartzako izozki saltzaileak haserre, seguruenik, baina lurzorua pozarren, seguru. Eta normalkeriara bueltan, sasoian sasoikoa: urakanak hango golkoan dinbi-danba, karabela portugesak ditxosozko ardatz atlantikoko Kantauri itsasoan ikur, paterak Mediterraneo erdian jitoan, mineralak helburu eta estatu-kolpeak helbide Afrika mendebaldean, suteak nonahi... Mundua aldatzen ari gara. Eta aditz sistema zabalduz doa: Zerk Nori Zer, Nork Nori Zor... Ziurgabetasunen garaian, gauza bakarra da ziurra: geroa ezin izan iraganaren segida. Hortaz, presta dezagun ziaboga, lurrean itsasoan baino lehen!

Lakuako gobernukideek Miramarren dute ikasturtea hasi. Kolpea gero, udaldian ikastaroen egoitza den lekuan! Ez dut uste ikasteko grina itsatsita aterako zirenik ikasturteari heltzeko. Are gutxiago ziabogari eusteko, handik Kontxako Badia bere osoan ikusita ere; ur sakonegiak, antza. Total, autogobernuan nahi du Ajuriaeneko momentuko maizterrak sakondu, Estatus Berri hura sakonean lurperatuta. Autogobernuan eta aurrerabidean ere sakondu nahi dute jeltzaleek, autoa- eta -bidea... harrapatu? Autobideak helburu! Eta biribilguneak helbide! Batzuen iparrorratzak hegoa baino ez du markatzen! Teknologia halakoa! Ez dakit Hollywoodeko gidoilarien grebarekin zerikusirik ote duen, baina maizter horren aldian aldiko aho-burutazioek hautsa harrotzen dute, basamortu politikoetan batez ere, ez urte osoan bustitako lurretan. Horra horren azkena! Konbentzio Konstituzionala! Harrapa ezak/n! Irak/n! Foru nazioaren hurrena! Erabakitzeko gaitasuna nahi omen du finkatu. Baina gai izan bagara; ahala da ukatzen digutena, erabakitzeko ahalmena helburu, eskubidea helbide. Hortaz, urrunetik hamalau, gerturatu eta lau!