Yasmine KHRIS
Itzultzailea
AZKEN PUNTUA

Norberaren ontzia

Duela urte dezente, funtzionario batek nire nortasun agiria begiratzean erran zidan: «Zu espainola zara izen-abizen hauekin?». Nire indiferentzia aurpegia ikusita, hau gehitu zuen: «Gero eta gehiago zarete, hori bai...». Bere “zarete” hori, niretzat “gu” da. Eta “gu” honek esanahi batzuk ditu. Harentzat, argi eta garbi “arabiarrak” zen. Izan Yemen, Mauritania edo Afganistangoa, nire izena tonu berarekin irakurtzen zuen. Aldiz, niri kostatzen zait oraindik “gu” hau deszifratzea.

Badakit nire izenak kultura, hizkuntza eta zibilizazio bat islatzen duela; baina azalaren kolorea hor dut, gogorarazteko besteen aldean pribilegio bat dudala (cf. white passing-a). Badakit Aljeriara joaten naizelarik senideak saiatuko direla beti txiste batzuk arabieraz egiten, baina ezin ditut ulertu, ama-hizkuntza beste bat baitut. Frantz Fanon psikiatraren tesia horretan datza: bada eremu gris bat asimilazioaren eta alienazioaren artean; hau da, kolonizazioak sarraskiak egin ondoren, identitate arazoak utzi zizkien immigranteen seme-alabei. Gurasoek ez zuten ontzi demonio horietako bat hartu, egunero ehunka lagunek egiten duten bezala, baina badakit “Ariadnaren hari” bat lotu zidatela eskumuturrean jaiotzean. Kondairak dio hari gorri honek laguntzen duela bidea aurkitzen, ezta?