Zuriñe IGLESIAS SARASOLA
REALA

Roberto Olabe: «Helburua eredu iraunkor bat finkatzea da»

Roberto Olabe, Donostian, atzoko agerraldian.
Roberto Olabe, Donostian, atzoko agerraldian. (@RealSociedadEUS)

Roberto Olabe Realeko kirol zuzendariak prentsaurrekoa eman zuen atzo uda «luzeak» eman duenaren berri emateko. Jokalariak fitxatzeko epea amaituta, eta denboraldi honetako multzoa osatuta, Olabe pozik agertu zen taldeak indartu nahi zituen postuak sendotu dituelako, eta jokalari garrantzitsuenek taldean jarraitzen dutelako.

Jon Karrikaburu izan da taldetik joan den azkena: aurrelaria Alavesera joan da utzita bi denboraldirako, eta hori amaitzean babazorroek jokalaria bereganatzeko aukera izango dute. Hala ere, Olabek adierazi zuen Realak aurrelaria fitxatzeko aukera ere izango duela. Hori bai, ez zuen argitu zein izan diren adostutako diru kopuruak. «Realak jokalaria berreskuratzeko aukera du, babazorroek jokalaria erosteko aukera bertan behera utzita», azaldu zuen Olabek, eta gaineratu, Karrikaburuk Lehen Mailako talde batean jokatu nahi zuela, Sanserekin eta Leganesekin Bigarren Mailan aritu ostean.

Realak utzita dituen gainerako jokalariei dagokienez, Olabek argitu zuen Alex Sola eta Robert Navarro jokalarien kontratuek ez dutela fitxatzeko aukerarik jasotzen. Alegia, beste klubek ez dutela Navarro eta Sola fitxatzeko aukerarik izango, behin denboraldia amaituta. Bai, ordea, Diego Ricoren kasuan. Izan ere, klubaren iritziz, ezker alboko atzelariak «eman dio Realari eman ahal zion guztia». Bestalde, Andre Silvaren inguruan, utzita etorri denez, Olabek adierazi zuen Realak baduela, behin lagapena bukatuta, aurrelaria fitxatzeko aukera. Kieran Tierney fitxaketa berriaren kasuan, aldiz, ez du aukera hori.

Udan egin diren fitxaketez gain, Realeko kirol zuzendariak klubaren oinarriez ere hitz egin zuen, eta helburua zein den nabarmendu: «Eredu iraunkor bat finkatu nahi dugu, zailtasun handiko eszenatoki batean, Txapeldunen Ligan, alegia». Taldearen xede nagusia berriro ere Europan sartzea dela azpimarratu zuen, «horrek dakarren zailtasunarekin», jakinda hurrengo denboraldian «Europarako sailkatu nahi» dutela, «denboraldi honetan, Txapeldunen Liga jokatuta». Hala ere, Olabek esan zuen Realak argi duela «ligan lortutakoak eramaten dituela Europara». Txapeldunen Ligako aurkariekin pozik agertu zen Realeko kirol zuzendaria.