Txoli MATEOS
Soziologoa
JOPUNTUA

Nazio-aniztasuna

Nafarroa Beherean bizi den lagun batek jendea multzo bitan banatzeko joera du: euskaldunak eta frantsesak. Hitzez hitz. Batzuetan, euskaldunak dira euskaraz hitz egiten dutenak eta, beste batzuetan, norbaiten abertzale izaera nabarmendu nahi izaten du horrela deituta. Iluna da, era berean, “frantses” etiketa jartzeko darabilen irizpidea. Tupustean, “hori frantsesa da”, bota ahal dizu lasai ederrean, Claudette Etcheberry alegiazko izena duen bati buruz. Informazioa eta destaina nahasirik suma daitezke. Alferrikako lana da galdetzea zergatik jotzen duen norbait frantziartzat. Nortzuk dira frantsesak? Euskara ez dakitenak edo ikasteko ahaleginik egin ez dutenak eta, hortaz, “kultura frantsesa” omen dutenak, nire lagunaren iritziz, horrek dakarren guztiarekin; erabat loturik atzematen baititu atxikimendu politikoa, hizkuntza eta kultura.

Gutxi ezagutzen dut Ipar Euskal Herriko gizartea, aitor dut. Ziur nago nire lagunaren irizpide inkontzienteak luze eta sakon eztabaidatzeko aukera eman dezakeela eta ematen ari dela, Ipar Euskal Herriko ezkerreko abertzaleak, behintzat, gogoeta prozesu sakonean murgilduta daude eta. Alta, zehazki argitzeko oinarrizko kontu batzuk daude, Iparraldean zein Hegoaldean: euskalduna euskal hiztuna da eta euskal herritarra Euskal Herrian bizi dena da, eta berdin da non jaio den. Frantziarra (edo espainiarra) dei diezaiokegu, euskal herritarra izanda (agian, euskalduna ere bai) Espainiarekin edo Frantziarekin nazio atxikimendua duenari. Eta abertzalea da Euskal Herria politikoki subirano irudikatzen duena. Eta bat ez da bestea baino gehiago, herritartasun ikuspuntutik begiratuta eta demokraziari tinko eutsi nahi baldin bazaio.

Espainiako nazio-aniztasunaren aitortza juridikoa gauzatu beharra izan da hizpide egunotan. Ibilbide malkartsua aurreikus daiteke, edozein delarik ere proposamena, espainiar demokrazia zinez ahula delako. Eta gure artera etorrita, ez legoke txarto Euskal Herri barruko nazio-aniztasunaz gogoeta egiten hastea.