GARA
MOSKU-WASHINGTON

Errusiak gogor salatu du AEBek Ukrainari uranio pobretua ematea

Errusiak krimentzat du AEBek uranio pobretua duten tankeen aurkako munizioa ematea. Abrams tankeak hornituko duen armamentua -eta produktua- Errusiak ere baduela erantzun dio Moskuri. Barreiatze bonbekin ere antzeko ika-mika arriskutsua izan zen.

AEBetako ordezkariak bunker batean.
AEBetako ordezkariak bunker batean. (Brendan SMIALOWSKI | AFP)

Sergei Riabkov Errusiako Atzerri ministrordeak «ekintza kriminaltzat» jo du AEBek Ukrainari uranio pobretua duen munizioa ematea, eta Washingtonen «gizatasun eza» erakusten duela ziurtatu du.

Antony Blinken AEBetako Estatu idazkariak herenegun Kievera egin zuen bisitan, beste 1.000 milioi dolarreko laguntza berri bat iragarri zuen. Pentagonoak handik ordu batzuetara zehaztu zuenez, dirulaguntzaren zati bat 120 mm-ko munizio pobretua duten barreiatze bonbak emateko da.

Munizio hau datozen egunetan Ukrainara iritsiko diren AEBetako Abrams tankeentzat izango da. «Tanke-ehiztaria» ezizenarekin ezagutzen da, batez ere M829A4 jaurtigaia, blindajeak zulatzeko gai delako, batez ere errusiarrak erabiltzen ari diren T-72 tanke sobietarren blindajeak.

70. hamarkadan hasi ziren AEBak uranio pobretua erabiltzen, eta tankeak blindatzeko ere balio du. Washingtonek ez du zehaztu Ukrainara bidaliko dituzten Abrams-ek, munizioaz gain, blindaje hori dutenik. “Politico”-k iragarri duenez, lehen 10 tankeak irailaren erdialdean iritsiko dira.

Uranio pobretua, izan ditzakeen arrisku toxikoengatik azpimarratzen dute aspalditik hainbat adituk, tartean NBEko Energia Atomikoaren Nazioarteko Erakundeak.

Errusiak berak salatu du «erabilerak ingurugiroan dituen ondorioekiko AEBen mespretxua» agerian uzten duela.

Britainia Handiak joan den martxoan iragarpen bera egin zuenean, Vladimir Putin Errusiako presidenteak munizio horrek osagai nuklearrak dituela ziurtatu zuen, eta Bielorrusiara arma nuklear taktikoak bidaliz eman zuen bere erantzuna.

AEBek »nuklearra» ez den munizio horren erabilera defendatzen dute, eta beste herrialde batzuek ere armategietan dutela esan dute, Errusia tartean. Mende hasieran egin zen inbentario batean, Errusia zen, biltegietan, uranioa aberastean sortzen den azpiproduktu gehien zuen herrialdea. AEBak ziren bigarrenak.

BARREIATZE BONBEKIN

antzera gertatzen da. Mosku zeharo haserre agertu zen uztailean, AEBek Ukrainari emango zizkiotela iragarri zutenean. Kontua da bi aldeak, Ukraina eta Errusia, ari direla momentuan eztanda egiten ez duten lehergailu ugari sakabanatzen dituen bonba mota hau sortzen, Barreiatze Bonben aurkako Koalizioaren esanetan. AEBek eta Errusiak ez dute sinatu armamentu horren aurkako Osloko Hitzarmena.