GARA
HIRIBURU

Askapenean eta politika publikoetan «jauzia» egitera doa ezker subiranista

EH Bilduk eta EH Baik elkarrekin abiatu zuten atzo kurtso politiko berria, Hiriburun. Euskal Herriaren askapen prozesuan jauzia egin behar dela eta hori bultzatzen saiatuko direla nabarmendu zuten. Lizarra-Garaziko Akordiotik 25 urte beteko dira heldu den asteartean, eta «susperraldi nazional» hartatik ateratako ikasgaiak baliatuko dituzte.

EH Bai eta EH Bilduko zuzendaritzen bilera, atzo Hiriburun. Erdian, Nikolas Blain eta Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusiak.
EH Bai eta EH Bilduko zuzendaritzen bilera, atzo Hiriburun. Erdian, Nikolas Blain eta Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusiak. (Guillaume FAUVEAU)

EH Baiko eta EH Bilduko zuzendaritza politikoek batera ekin zioten atzo kurtso politikoari, Hiriburun. «Euskal Herriaren askapen nazional eta sozialari begirako proiektu politiko eraldatzaile bat egikaritzen dugu, bakoitzak bere eremuan. Euskal Herriak dituen erronken aurrean, batera jotze nazionalen norabidean ekimen berriak proposatzeko hausnarketa abiarazi dugu», azaldu zuten.

Erantsi zutenez, Euskal Herria, Aturritik Ebroraino bizi diren herritarrak, eta haien ongizate eta beharrizanak dira beren ekimen politikoaren protagonistak. Hertsiki loturik ikusten dituzte herritarren ongizatea eta herriaren subiranotasuna. Munduko anabasa orokorrak zutoin irmoak eskatzen dituela uste dute, gainera.

Erran zutenez, «segurtasuna da ezker subiranismoaren eskaintza. Herri gisa bizirik irauteko konbikzioa eta proiektu sendoa dugu, gero eta jende gehiagoren parte-hartzearekin hornitzen doana. Hori erakusten dute bi indar politikook azken hauteskunde zikloetan jaso ditugun emaitzek. Gero eta euskal herritar gehiagok ematen diote konfiantza ezker subiranismoari eta horrek guztiak garbi adierazten du Euskal Herria ziklo politiko berri batean sartu dela».

ERRONKEN NEURRI BEREAN

Aldaketa globalek eragindako askotariko krisiek bete-betean jotzen gaituztela azaldu zuten. «Berdintasun, ongizate eta garapen adierazle nagusien arabera, gure metabolismo komunitarioa arriskuan dago, eta horrek bidegurutze historiko batean kokatzen gaitu», esplikatu zuten.

«Gure herriak aurrera egin behar du, garaiko erronkek eskatzen duten neurrian», adierazi zuten. «Arnasberritze nazional» baten beharra ikusten dute, «bulkada nazional berri batena. Jauzi bat askapen prozesuan: lurralde artikulazioan eta Euskal Herritik Euskal Herrira pentsatu eta garatutako politika publikoetan».

EH Bai eta EH Bilduren arteko harreman politikoak sakontzeko lanean segituko dutela hitzeman zuten, luze gabe, ekimen politiko bateratuak martxan jartzeko xedearekin. «Nazio izaera indartzeko, erabakitze bidean aukera eta ate guztiak irekiak izan ditzagun. Egin dezagun guztiok bultza», egin zuten dei.

Une politikoa ongi irakurriz, gatazka politikoaren oinarrian dagoen burujabetzaren auziari indar berriaz heltzeko unea dela defendatu zuen Nikolas Blain EH Baiko koordinatzaile nagusiak. «Jauzi bat egin behar da nazio aitortza eta hortik datozen eskubideak egikaritu ahal izateko».

Nola ez, Lizarra-Garaziko Akordioa Euskal Herriaren susperraldi nazionalean izan zen mugarria oroitu zuten. Asteartean 25 urte beteko dira ekimen hartatik.

HERRI BEZALA JOKATU

Gure herria zazpi lurraldez osatutako nazio bat dela ahantzi ezin dugula erran zuen Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak. Ikuspegi horretatik heldu zioten atzo, Lapurdin egindako bilkuran, aukera eta erronken inguruko eztabaida eraikitzaileari.

Lizarra-Garazi martxan jarri zutela oroitzea ez dela «ariketa nostalgikoa» argitu zuen EH Bilduko kideak. «Handik hona gauza asko aldatu dira, baina orduko egiturazko arazo asko hemen dauzkagu oraindik ere. Esperientzia historiko hartatik bi ikasgai aterako nituzke, baliagarriak izan daitezkeenak: lehenengoa, Euskal Herria nazio ikuspuntutik eraikitzen dela, eta bigarrena, Euskal Herria eraikitzeko nazio bezala jokatu behar dugula. Ez dago alderdi bezala jokatzerik».