GARA
GASTEIZ

Euskararen alde «gidoia aldatu dezala» eskatu diote Lakuari

Kultura eta ikus-entzunezkoen arloko politikak «errotik» aldatzeko eta euskara lehen planora eramateko eskatu diote 31 eragilek Lakuari. Mobilizaziora deitu dute maiatzaren 18rako.

«Aldatu gidoia euskararen alde» kanpainaren aurkezpena, Gasteizen.
«Aldatu gidoia euskararen alde» kanpainaren aurkezpena, Gasteizen. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Euskararen eta euskaldunen hizkuntza eskubideen alde «gidoia aldatu» eta euskarazko ikus-entzunezkoen eskaintza «zabal, duin, eguneratu eta erakargarria» osatu dezala eskatu diote 31 eragilek Gasteizko Gobernuari.

Gasteizen egindako agerraldi jendetsuan aurkeztu zuten atzo eskaera horrekin lotutako ‘‘Aldatu gidoia euskararen alde’’ kanpaina. EITBk azken urteetan hartu duen norabidearekin arduratuta agertu ziren sustatzaileak, sorrerako helburuak «baztertu» direla eta nagusitasuna «gaztelerak eta gaztelerazko telebista eta irratiek» hartu dutela uste baitute. Horren aurrean, «masa kritiko sendo bat artikulatu nahi dugu euskara eta euskarazko kultura erdigunean jarriko dituzten politen alde», azaldu zuten agerraldian, eta kanpainak hainbat ardatz izango dituela ere aurreratu zuten.

Batetik, Euskal Herriko gizarte eragile eta norbanakoekin bilkurak egin eta Change.org plataformaren bidez sinadura bilketa bat abiatuko dutela azaldu zuten, kanpainaren aldeko atxikimenduak biderkatu asmoz.

Bestetik, alderdi politikoekin eta Gasteizko Gobernuarekin elkartzeko ahalegina egingo dutela ere iragarri zuten, eta horiek aurrera eramaten dituzten kultura politiketan eta aurrekontuetan euren eskariak aintzat hartzeko eskatuko dietela azaldu zuten.

Kanpainari amaiera manifestazio batekin emango zaio: datorren urteko maiatzaren 18an 17.30ean Gasteizko Gobernuaren Lakuako egoitzatik irtengo da. Mobilizazio horren bidez euskara eta euskarazko kultura oinarri izango dituen EITB baten alde egin dezala eskatuko diote Jaurlaritzari.