Haritz LARRAÑAGA
SURF

Caroline Marks eta Filipe Toledo, 2023ko munduko WSL txapeldunak

Caroline Marks eta Carissa Moore aritu ziren buruz buru nesken finalean. Mutilen kategorian, bestalde, Ethan Ewing australiarra eta Filipe Toledo brasildarra aritu ziren. Azkenean garaile izandako bi surflariek soilik finaleko bi txandak egin zituzten.

Aurtengo munduko txapeldunak, Caroline Marks eta Filipe Toledo.
Aurtengo munduko txapeldunak, Caroline Marks eta Filipe Toledo. (WORLDSURFLEAGUE.COM)

Irailaren 9an egin zen aurtengo CT denboraldia bukatzeko Final Handia. Nesken zein mutilen rankingeko lehen bost sailkatuak bakarrik lehiatu ziren Trestleseko (Kalifornia) urautsian. Metro bateko olatu politak izan ziren eta lehia bortitza izan zen. Azkenean, Caroline Marks estatubatuarra eta Filipe Toledo brasildarra nagusitu ziren.

Kategoria bakoitzean bost txanda egin zituzten. CT rankingean laugarren eta bosgarren postuan ziren surflariek osatu zuten lehen txanda, eta pasatzea lortzen zuenak rankingean hirugarren postuan zenaren aurka lehiatu behar zuen. Bigarren txanda pasatzen zuenak CT rankingeko bigarren lehiakidea izango zuen arerio hirugarren txandan, eta finalera iristen zenak CT rankingean lehen postuan zegoen lehiakidearen kontra egin behar zuen.

Printzipioz Final Handia hiru txandak osatzen zuten -hau da, hiru finalek-, baldin eta lehiakideetako batek bi txanda (bi final) jarraian irabazten ez bazituen. Alegia, final bat lehiakide batek irabazi eta bigarrena bere arerioak irabaziz gero, orduan hirugarren final bat egin beharko zen; baina ez zen horrelakorik izan, nesken zein mutilen kategorian lehen bi finalak lehiakide berak irabazi baitzituen.

Caroline Marks eta Carissa Moore aritu ziren buruz buru nesken finalean. Mutilen kategorian, bestalde, Ethan Ewing australiarra eta Filipe Toledo brasildarra izan ziren. Iaz ere Trestlesen garaipena eskuratu zuen Filipe Toledok soilik finaleko bi txandak egin zituen, baina bere arerioak finalera iritsi aitzin beste bi txanda gainditu behar izan zituen; beraz, brasildarrak abantaila zuen. Aitzitik, nesken kategorian, Carissa Moorek abantaila zuen bere arerioak aldez aurretik beste bi txanda eginak baitzituen, baina 21 urteko Caroline Marks gazteak forma ezin hobean dela agerian utzi zuen eta aurtengo denboraldi osoan rankingeko buru izan den surflari hawaiiarrari txapela, edo hobeto esanda Likra horia, ebatsi zion.

CAROLINE MARKS

Nesken kategorian Molly Piclum estatubatuarra izan zen lehen kaleratua. Bigarren txandan Caitlim Simmers estatubatuarra kaleratu zuen Caroline Marksek eta hirugarren txandan Tyler Wright australiarra kaleratu zuen. Final Handian, rankingeko buru zen Carissa Moore bi bider garaitu zuen estatubatuarrak eta aurtengo WSL titulu mundiala irabazi zuen.

Carissa Moore, 31 urteko hawaiiarra, lau bider izan da munduko WSL txapelduna eta 2021ean Trestlesen berak irabazi zuen. Iaz ere finalean izan zen, baina Stephanie Gilmorek kendu zion txapela, eta aurten gauza bera gertatu zaio. Beraz, kolpe handia izan zen Moorentzat. Uretatik irten zenean ezin izan zion negarrari eutsi.

«Sekulakoa da nire izena munduko irabazleen zerrendan ikustea», adierazi zuen Marksek pozarren. Gainera, Trestlesen lortutako garaipenari esker, 2024an Parisen egingo diren Olinpiar Jokoetan AEBak ordezkatzeko lekua ere eskuratu zuen. «Emozio gehiegi dira oso denbora gutxian», aitortu zuen surflari estatubatuarrak.

FILIPE TOLEDO
Mutilen kategorian Jack Robinson australiarra kaleratu zuen lehen txandan Joao Chianca brasildarrak, baina bigarren txandan Ethan Ewing australiarrak garaitu zuen Chianca. Hirugarren txandan Griffin Colapinto estatubatuarra kaleratu zuen Ewingek, eta azkenik, Filipe Toledoren kontra bi txanda egin zituen, baina ezin izan zuen brasildarra garaitu. Beraz, Toledok bigarren aldiz irabazi zuen munduko WSL titulua Trestleseko Final Handian. «Historia egitea maite dugu; mila esker gure Jainkoari», adierazi zuen Toledok kazetarien aurrean eta titulu mundiala eskuratzeko egin behar izan dituen sakrifizioak oroitarazi zituen. «Egia bilakatu den ametsa da», gaineratu zuen.

Toledok oso ongi ezagutzen ditu Trestleseko olatuak. Izan ere, 2014. urtean Brasil utzi eta bere familia osoarekin Trestlesetik gertu dagoen San Clemente hirira joan zen bizitzera. Aurtengoa hirugarren aldia da, formatu berria ezarri zenetik, Trestlesen Final Handia egiten dena, eta Toledo urtero aritu da bertan lehiatzen. Lehen urtean, hau da 2021ean, bigarren geratu zen, baina azken bi urteetan berak irabazi du WSLko txapela.

Gauzak honela, lehen mailako munduko CT itzulia amaitu da eta irabazleak izendatu dituzte, baina datorren urtean lehen mailan izango diren 18 neska eta 38 mutilak nortzuk izango diren zehazteke dago oraindik.

Soilik 12 neska eta 24 mutilek dute datorren urtean lehen mailan jarraitzeko postua ziurtatuta. Geratzen diren postuak oraindik ere indarrean den Challenger Series itzulia amaitzen denean baieztatuko dira. Ondorioz, esan daiteke lehen mailako itzulia ez dela guztiz amaitu, oraindik ez baitago zehaztuta 2024an lehen mailan izango diren surflarien zerrenda.