EDITORIALA

Irailaren 11, duela 50 urteko sarraskia gogoan

Urtero, 2001etik, leku askotan ekitaldi arranditsuak eginez, gaurko egunez izan zen sarraski ikaragarri bat gogoratzen da mundu osoan, New Yorkeko Dorre Bikiak birrindu zituen atentatuak eragindakoa, hain zuzen. Hura baino lehen, halaber irailaren 11 batean, estatu kolpe bat izan zen Txilen, sarraski handiagoa eragin zuena. Gobernu legitimo bat kentzeaz gainera, milaka herritar hil zituen eta milatik gora desagerrarazi. Dorre Bikien aurkako atentatua baino lehen, eta are gutxiago harrezkero, Txiletik kanpo inork gutxik oroitzen zuen 1973ko egun hartan gertatutakoa. Atzo eta gaur orrialdeotan irakurgai dago Iñaki Egañak idatzitako erreportajea, Txileko estatu kolpearen inguruko datu ezagun asko eta hain ezagun ez diren beste batzuk ematen dituena. Ez dira erraz ahazteko modukoak, baina beste batzuk etengabe nabarmentzen dituen propagandak ahanzturan nahi ditu.

Konparazioak gorrotagarriak direla esan ohi da eta, kasu honetan bezala, ikaragarrikeria batek ez du beste ikaragarrikeria bat zuritzen, baina haietako baten gainean eraikitako diskurtsoa nabarmen uzteko balio dezake. Hain zuzen ere, duela 22 urte gaurko eguna ikur gisa ezarri zuen ordenak eragin zuen Txileko sarraskia duela 50 urte. Txileko estatu kolpea sustatu eta ondorengo urteetan sustengatu zuen ordenak. Kontua ez da bati edo besteari garrantzia kentzea, baizik eta ordena horren hipokrisia salatzea, giza eskubideen aldeko aldarria mozorro gisa erabiliz bere interes ekonomiko edo geopolitikoak babesteko edozein ankerkeria egiteko prest dagoela ohartaraztea.

Garrantzitsua da memoria, nola ez, ikasteko, batez ere iragana errepika ez dadin, eta horretarako modurik onena ez da kontakizun interesdunak ontzat jotzea. Txileko estatu kolpea iraganeko kontua da, baina hura eragin zutenen jokaera oso gaurkoa da. Dokumentu desklasifikatuak daude, nahi beste, zenbait hamarkada igarota hainbat datu jakin dira; hala ere, Txileko estatu kolpea bultzatu zutenek nahiz haien ondorengoek duela 50 urteko gertakari hura eta antzekoak zuritu eta are sustatu egiten dituzte gaur egun ere.