Mikel IBARGUREN
Idazlea
JOPUNTUA

Mugak

Mehatxu terroristari» aurre egiteko edo «legez kanpoko migrazioa» oztopatzeko mugak ixteko aitzakiak ez dira falta izan gurean. Covid-19arekin edo G7arekin ere gertatu zen. Berdin dio zein den aitzakia, agintean dagoenak «bere lurraldeko» sarbideak ixteko edo irekitzeko baimena ematen baitio bere buruari. Frantziako Tourrarekin ere gertatu zen uztailean eta Espainiako Vueltarekin egunotan. Tourrean, Irun eta Hendaia arteko oinezko etorbidea irekitzea deliberatu zuen Parisek, baina pasatu bezain laster hesitu zuten berriro inor pasatu ez zedin. Irungo Santano alkatearentzat onartezina da Europako zubi bat itxita edukitzea XXI. mendean. Iraingarria zaio. Hendaiako Ezenarro auzapezak «malkoen zubia» deitzen dio, esperantzaren eta askatasunaren zubi izan delako betidanik. Gestapok Lluis Companys Francoren eskuetan utzi zuela gogoratzen du.

Egunotan Espainiako Vueltarekin ere gertatu da. Tropelak Larraineko gaina igaro baino askoz lehenago, abuztuaren 21etik, itxi zuten pasabide hau. «Route barrée» eta «Paso cerrado» kartelen atzean, Jendarmeak eta Guardia Zibilak ikus zitezkeen, eskuz esku, muga bilakatutako pasabidea zaintzen. Jando Iriart Larraineko auzapezari ere onartezina egiten zaio bi estatuek hartutako erabakia. Alde batetik bestera, «gure bizitza baita hemen pasatzen dena».

Bi estatuek, muga artifizialak inposatuta, gure herria desagerrarazi eta zatikatu nahi dute. Gure izatea, gure harreman kultural, politiko eta kulturalak nahi dituzte zangotrabatu. Ezer berririk ez gure zerupean; frantses edo espainiar nahi gaituzte. Espainiako Vueltako kazetari espainiarrak esan bezala, «Frantzian eragin espainiar handiena duen lurraldeetako bat da Zuberoa».

Herentzia kolonialistaren arrastoak puri-purian daude alor guztietan. Hemen ez dago euskaldunik, ez dago Euskal Herririk, bestela ez lirateke nor izango. Ezin gara garenak izan, bestela ezingo lukete inperialak izan. Zapalduak behar dituzte nor izaten jarrai dezaten. Eta mugak ixtean ere, pixka bat gehiago zapaltzen gaituzte beraien inperialismoarekin.