GARA
DONOSTIA

Urretxu eta Uharte jaietan murgilduko dira, eta Egia, porrontxoetan

Udazkena hasteko egun batzuk bakarrik falta direlarik, jaien egitarauak aurrera jarraitzen du. Asteburu honetan Urretxuren txanda tokatuko da Gipuzkoan, eta Uharterena Nafarroan. Donostiako Egia auzoan, berriz, Porrontxo jaiek dakarten giroaz gozatzen segituko dute igandera arte.

Uharteko jaietan protagonista izango dira aurten ere erraldoiak eta buruhandiak.
Uharteko jaietan protagonista izango dira aurten ere erraldoiak eta buruhandiak. (Idoia ZABALETA | FOKU)

URRETXUN

Santa Anastasia jaiak ospatuko dituzte astelehen bitartean (irailak 18) eta txupinazoa gaur iluntzean botako dute herriko kirolariek. Han izango dira, ohikoa den bezala, txistulariak, dultzaineroak, trikitilariak, buruhandiak, erraldoiak, musika banda eta txaranga.

Bihar Urretxuko baserrietako abelgorrien erakusketa eta azoka berezia izango dira goiz osoan, baita idi probak goiz eta arratsaldez, bertsolariak, Kukai dantza taldearen emanaldia eta txistularien alardea ere. Egun horretan 45. gastronomia lehiaketa ospatuko da, oraingoan bakailaoa pil-pil erara prestatzeko.

Igandean (irailak 17), artisauen erakusketa eta azokaren txanda izango da, baita bertso eskolako bertsolarien saioa eta erromeria ere. Eguerdian, euskal jaian parte hartzen dutenen arteko bazkaria izango da, eta arratsaldez karrozen ibilaldi ikusgarria, herriko kaleetan.

Azken egunean, astelehenean, haurrentzat jolasak izango dira egun guztian zehar. Herri bazkariaren ondoren, kuadrillen arteko sokatira proba izango da. Amaitzeko, kantu afaria.

Musikari dagokionez, ostiralean Hip Hop jaialdiaren hamargarren edizioa ospatuko da; larunbatean, Hiri Galduak eta Nogen taldeen kontzertuak; igandean, Lisker taldearekin erromeria; eta astelehenean, musika bandarekin dantzaldia.

Urretxu-Zumarragako Gazte Asanbladak ere kontzertu egitarau osoa prestatu du. Gaur Sutan Ortzi, Añube eta DJ Xagardo arituko dira 23.00etatik aurrera; bihar, Skapaie elektrotxaranga, Alargun Beltzak, J Martina eta DJ Tintz 21.00etatik aurrera; igandean, Muxutruk eta DJ Keixi O 23:00etan; eta astelehenean, Zaunka taldea arituko da, 18.30ean hasita.

UHARTEN,

Nafarroara jauzi eginez, senidetasunaren bestak ospatuko dituzte irailaren 24ra arte. Txupinazoa bihar eguerdian botako du Ortzondo herriko dantzari taldeak.

Bihar eta etzi, hain zuzen, Ortzondo taldeko kideek Iturridantza izeneko jota dantzatuko dute San Juan plazan, herriko gaiteroen laguntzaz, eta herritarren parte hartze handia espero dute, berreskuratu berri den jota hori ikastera animatu baitituzte herritarrak aurreko egunetan.

Horrez gain, adin eta gustu guztiei zuzendutako egitaraua izango da hamar egun hauetan: haurrentzako ekitaldiak, erraldoi eta buruhandiak, kirolak, musika, zezen eta behi suzkoa… Urtero bezala, aurten ere talde askok parte hartu dute prestaketan.

Nabarmentzekoak dira, besteak beste, ekitaldi gastronomikoak. Lehenbiziko egunean herri bazkaria antolatu dute, igandean saiheski jana, asteartean kalderetea eta bokatada herrikoiak, asteazkenean txokolate jatea, ostegunean nagusientzako bazkaria eta pintxo lehiaketa, datorren ostiralean herri afaria, eta larunbatean paella jatea.

EGIA

Porrontxo jaietan murgilduta dago astelehenetik, eta igandera arte luzatuko dira. Gaurkoa gazteen eguna izango da, eta goizean zehar haurrentzat egitaraua prestatu dute, ‘‘Misterioa Ikasgelan’’ ikuskizuna barne. Gazte asanbladak herri bazkaria antolatu du 14.30ean, Zarratak eta Adosteke taldeek musikatuko dutena. Arratsaldean erraldoiak eta buruhandiak, pintxo tailerra, zirku tailerra, eta elektrotxaranga izango dira. Musikan: umeentzat dantzaldia eta Eire, Amildegi, Ukabil eta Willis Drummond taldeek kontzertuak eskainiko dituzte.

Bihar 9.00etan hasiko da eguna txistulariekin eta, jarraian, pala finala, ipuin kontalaria, Porrontxo III. danborrada eta kantujira izango dira. Denak Etxera herri bazkaria 14.30ean izango da. 17.00etan mus txapelketa Agreda tabernan eta, bitartean, erraldoi eta buruhandiek eta haurrentzako jokoek arratsaldea girotuko dute. Gauerako, DJak, elektrotxaranga eta Porrontxo eta Porrontxaren kalejira antolatu dituzte.

Igandea zunbarekin hasiko da Plaza Haundian 10.00etan. Ordu erdi geroago esku pilota finalak izango dira, trikitilariekin, eta, bazkaria hasi aurretik, sagardo dastaketa egingo da. Musika eskolaren konboaren eta Andoni Ollokiegiren kontzertu bana ere iragarri dira. 22.00etan jaiei amaiera emango zaie azken trakarekin.