Andoni ARABAOLAZA
ESKALADA

Euskal alpinisten agerraldi sutsua Indiako Zanskarren

Mikel Ezkurdia, Urko Zabala, Ibon Mendia, Ekaitz Maiz eta Joseba Iztuetak osatutako taldeak 17 bide zabaldu zituzten joan den uztailean. Azpimarratzekoa da Maiz eta Iztuetak igo gabe zegoen Amaiur mendian eginiko jarduera.

Abuztuan, Indiatik bertatik Joseba Iztuetak idatzi zigunean, pixka bat harrituta geratu ginen. Gipuzkoarraren lehen hitzek hala zioten: «Uztailean Zanskarreko ibarrean (Ladakh, Indiako Himalaia) egon gara lau nafar eta ni. Denera, hamazazpi bide ireki ditugu. Horietako batek kutsu oso alpinoa du, eta besteak harkaitzean sortu ditugu. Bide gogorrak eta oso politak. Ingurumari honetan granitozko dorre eta pareta asko daude. Eta ia dena ukitu gabe dago. Diedroak, artesiak, splitter-ak… aukera oso-oso zabala da».

Iztuetak hori guztia aurreratu ondoren, gehitu behar dugu uzta oparo hori lortzeak harritu gaituela. Ez protagonisten gaitasunengatik, baizik eta izaera horretako espedizio batean baldintzek, eguraldiak… eskalada guztiak baldintzatzen dituztelako. Eta hamazazpi marra berri sinatzea ez da txikikeriarekin lotu behar.

Eta lan horietan jo eta ke jardun dutenak honako euskal alpinistak izan dira: Mikel Ezkurdia, Urko Zabala, Ekaitz Maiz, Ibon Mendia eta Iztueta bera. Boskote gaztea, baina, era berean, indartsua.

Hamazazpi bide horien artean, gabiriarrak pare bat azpimarratu nahi ditu: «Igo gabe zegoen piramide bertikal bat da lehena. Kanpaleku nagusira heldu orduko, Ekaitzek eta biok joatea pentsatu genuen. Laburbilduta, hiru eguneko abentura izan zen. Gailur egunak, adibidez, hemeretzi orduko lan eskerga eskatu zigun. Orokorrean misto asko eskalatu behar izan genuen lehorrean; azken luzeetan, berriz, izotz puskatua izan zen protagonista. Bestalde, oso konprometitua izan zen jaitsiera. Igotako bidetik egin genuen rappel. Gure hoberena eskatu zuen. Hitz batean esanda, mendi gogorra da, eta ez zegoen elur baldintza onetan. Asko sufritu eta estutu behar izan genuen».

Irakurtzen den bezala, ukitu gabeko mendi bat igo du sokada horrek. Amaiur Peak (5.760 m) deitu diote, eta, gipuzkoarrak aipatzen duen bezala, ondo estutu behar izan zuten; izan ere, 1.500 metroko eskalada horretan, gehienez, M6 mailako tarteak gainditu behar izan zituzten.

Irudian ikusten den bezala, Amaiur orratz zorrotza da, eta bide batez, erakargarria, oso estetikoa delako. Alabaina, beste eite batek erakarri zituen bi alpinista horiek: tontorra ukitu gabe zegoen.

Mendiaren inguruko informaziorik gabe, Maizek eta Iztuetak lehen urratsak egin zituzten helburuaren bila: «Kanpalekutik paretaren heren bat ikusten genuen; hori zen informazio bakarra. Geure sukaldari Gyalpok esan zigun iaz Jordi Mons katalanak hego-ekialdeko ertza aukeratu zuela ekinaldi bat egiteko. Aurreikusitakoarekin ezustea hartu genuen. Izotza eta elurra nagusi izango zirela zirudien, arroka tarteren batekin. Horretarako ondo hornituta geunden: 60 metroko soka (8 milimetrokoa), izotzerako sei torloju, sei iltze, friendak, fisureroak… Eguraldia egonkortu zenean, kanpalekua atzean utzi eta mendiaren oinarrira abiatu ginen. Elurraren baldintzak txarrak ziren; oso sakona zen, gainera. Lan akigarria! Oinarrian zegoen elur zelaira iritsi ginenean, beste ezusteko bat hartu genuen: horma hori zirudiena baino hiru aldiz handiagoa zen. 300 metroko harkaitz sekzio bat eta lehen ertza, goikoa baino tenteagoa zena eta elur gutxiago zuena».

OSO GOGORRA

Goizeko lauretan atera ziren dendatik. Elurra ez zen gogortu, eta murruaren oinarrira, elur sakonean, urratsa zabaldu zuten. Harkaitzean eskalatzen hasi zirenean, bi alpinistak ohartu ziren arrokaren kalitatea ez zela espero bezain txarra. Gainera, zailtasun tekniko samurrak zituen.

Tarte hori atzean utzi eta, berriro elur bigun eta sakonean, 5.300 metrora zegoen mendiaren aurrean jarri ziren: «Berriro ere baldintza oso kaskarrekin egin genuen topo. Arrokara iristeko, 70º-ko irtengune batean gogor borrokatu genuen. Pioleta sartu bai, baina ia beso osoa ere bai. Arroka, berriz, ona zen eta babesteko leku ugari zegoen. Halere, aurrez aurre genituen plaketan itsatsita zegoen elurra transformatu gabe zegoen. M6 mailako luze gogor bat eskalatu, eta artesien eta plaken artean M4-5 mailako beste batzuk gainditu genituen. Zorionez, ondo babestuta zeuden».

Garaierak zein elur baldintza txarrek bi alpinisten sasoian eragina izan zuten. Goiko ertzean zegoen sorbalda bat zuten hurrengo helburua. Bazirudien zailtasunak samurtuko zirela, baina beste ezusteko bat hartu zuten. Sorbaldan zirela, ohartu ziren elur kantitatea handitu zela. Irtengune asko, elurra gerriraino, babesteko lekuak garbitu… Lan eskerga egiten ari ziren.

Pixkaka-pixkaka bada ere, luze eta metro gehiago eskalatu zituzten. Bat-batean, harkaitzezko murru tente batekin topo egin zuten. Hurrengo sekzioan erabaki behar zuten sabai bat edo plaka bat jarraitu. Azkenaren aldeko hautua egin zuten: «Oinetako zein hatzetako helduleku txikiak zituen. Bide berriaren luze zailena (M6) egin genuen. Sabaiaren irteeran izotzezko horma bat zegoen; torlojuekin ondo babesten zen. Luze horrek ere M6 zailtasuna zuen. Ondoren, gailurrera gidatu gintuen kanal batean sartu ginen. Elurra oso ezegonkorra zen. Ertz bat jarraitu eta, leher eginda, tontorra zapaldu genuen. Hemeretzi orduko egun gogorra!».

Ia ospakizunik gabe, jaitsierari ekin zioten. Ez zen batere erosoa eta samurra izan. Makina bat rappel egin zuten ia “edozein” lekutatik. 5.300 metrora, lepoan, gaua egin zen. Arrokazko sekzio bat jaistea baino ez zitzaien falta. Beste rappel batzuk, tarte batzuk deseskalatu... eta glaziarrera onik iritsi ziren. Gaueko 10:30ean dendan ziren: “Egun horretan biok ala biok %200a eman genuen. Biharamunean, arazorik gabe, kanpaleku nagusira abiatu ginen”.

BIG SHAFAT

Amaiur mendian hartutako astindu ederraren ostean, atsedena zain zuten. Baina ez denbora luzerako; izan ere, boskotea prest zegoen jarduera berriak egiteko.

Iztuetak beste astindu bat hartu zuen Big Shafat-en (5.950 m). Mendiarekin batera, “Delinkuentzia bertikala” bidea (7b+/A1, 450 m) sortu zuen. Harkaitzezko proposamen berriak hegoaldeko isuria du kokaleku, eta tontorrera iristen den eskalada baten aurrean gaude. Gipuzkoarrak dio garaiera handian eginiko igoera hori uste baino zailagoa izan zela: “Ederra da bidearen giltza: 50 metroko artesi luze gogor bat, 7b+ mailakoa, eta 5.800 metroko altueran”.

Nahiz eta sortutako bidea ez den luzeegia, Iztuetak esan digu jarduera guztia bost egunekoa izan zela: “5.400 metrora nahiko azkar heldu ginen. Baina eguraldi gaiztoak 35 ordu dendatik irten gabe eta bi egun jan gabe egotera behartu gintuen. Gainera, ibai bat zeharkatu behar zen, eta onartu behar dut egoera ez zela batere lasaia izan. Guretzat hau izan zen zailena eta arriskutsuena. Gau bat pasatu genuen errekaren ondoan, ura noiz lasaituko”.

“Delinkuentzia bertikala” erabat osatzeko eginiko prozesuak “gaizkileen” irudira eraman zituen. Alpinista gipuzkoarrak dio Indiako militarrekin gorabeherak izan zituztela: “Ingurumari hartan, Indiaren eta Pakistanen arteko gatazka dela-eta, satelite bidezko telefonoa debekatuta dago. Guk bat genuen, baina soilik larrialdi batean erabiltzeko. Ohartu gabe piztu zen; ziur aski bazterren baten kontra jo ondoren. Di-da batean, bi helikoptero, makina bat soldadu eta Indiako inteligentzia zerbitzuetako ordezkariak azaldu ziren. Ozta-ozta, telefonoa eta drone bat lur azpian ezkutatzeko aukera izan genuen. Kanpaleku nagusian bi egunez atxikita izan ginen: galdeketak, miaketak… Zorionez, etsi eta alde egin zuten”.