Haritz LARRAÑAGA
SURF

Annette Gonzalez Etxabarri txapeldun Bretainian, Europako Junior lehiaketan

Zumaiar gazteak Europako Junior itzuliko bigarren txapela eskuratu zuen Bretainian, Sarah Leiceaga lapurtarra garaitu ostean. Txapelketa bakar baten faltan, 20 urtetik beherako rankingean buru da. Mutilen kategorian, Sam Piter frantsesa nagusitu zen.

Annette Gonzalez Etxabarri txapelduna, bere ahizpa Janireren sorbalda gainean.
Annette Gonzalez Etxabarri txapelduna, bere ahizpa Janireren sorbalda gainean. (WORLDSURFLEAGUE.COM)

Annette Gonzalez Etxabarri zumaiarrak irabazi zuen Bretainiako La Torche hondartza famatuan pasa den asteburuan egin zen Europako Junior itzuliko bigarren txapelketa, eta 20 urtetik beherakoen rankingean buru jarri zen; izan ere, itzuliko lehen txapelketa ere 16 urteko zumaiarrak irabazi zuen. Mutilen kategorian, ostera, Sam Piter frantsesa gailendu zen.

Europako Junior itzuliko bigarren txapelketan metro bateko olatuak izan ziren, eta 128 mutilek eta 48 neskak parte hartu zuten. Bi kategorietan lehia bizia izan zen eta bietan izan zen euskal ordezkaritza zabala, baina batez ere nesken kategorian nabarmendu ziren Bizkai, Gipuzkoa eta Lapurdiko surflariak. Esaterako, final laurdenetara iritsi ziren zortzi lehiakideetatik lau euskal surflariak ziren, hots, Gonzalez Etxabarri ahizpak, eta Sarah Leiceaga eta Juliette Lacome biarriztarrak. Aitzitik, mutilen kategorian ez zen izan euskal hiritarrik final laurdenetako lehiakideen artean.

Gauzak honela, aurtengo Europako Junior itzulia amaitzeko txapelketa bakarra falta da, irailaren 21 eta 24 artean Galizian egingo dena, eta horren ostean izendatuko dira 2023ko Europako Junior txapeldunak.

GONZALEZ ETXABARRI AHIZPAK

Surfari eskaintzen diogun atal honetan behin eta berriz errepikatzen da Zumaiako bi ahizpen abizena, izan ere, maila desberdinetako txapelketetan itzelezko emaitzak ari dira lortzen biak. Annette da gazteena, ezker surflaria da (goofy) eta 16 urte besterik ez ditu. Aurtengo itzulia osatzen duten hiru txapelketetatik jada bi berak irabazi ditu, beraz, txapelketa bakar baten faltan, aurtengo titulu europarra eskuratzeko faboritoa da zumaiar gaztea.

Igande goizean, Europako Junior lehiaketako WSL txapela jantzi zuen Bretainian Annettek, baina horretarako, aurrez bere ahizpa kaleratu behar izan zuen final laurdenetan. Agian txapelketa osoko txanda zail eta lehiatuena izan zen beraiena, zeren Annettek irabazi zuen, baina soilik 0’16 puntuko aldea atera zion bere ahizpari.

Bi urte zaharragoa den Janirek jada hiru bider irabazi du Europako Junior titulua, eta duela aste bat 3.000 puntuko QS txapelketa bat irabazi zuen Galizian. Egun, QS rankingean bigarren postuan da Janire; ondorioz, hurrengo urtean Challenger Series mailara igotzeko zorian da, zeren QS itzuliko lehen lau neskak igoko dira mailaz sasoi amaieran.

Hau da, Janirek itzelezko maila du eta Junior kategoria txiki geratzen hasi zaiola dirudi, nahiz eta oraindik beste bi urte lehiatu daitekeen 20 urtetik beherako kategorian. Aitzitik, oraingoz arerio nagusia etxean bertan duela agerian geratu zen Bretainian.

Annettekin batera finalera iritsi zen Sarah Leiceagak 18 urte ditu, eta Biarrizko surflari honek ere badu Ainhoa izeneko ahizpa zaharrago bat, 21 urtekoa, sarri bere kontra lehiatu behar izan dena. Edonola ere, Bretainiako uretan zumaiarra gailendu zen alde handiz. Janirek 15’50 puntu eskuratu zituen bere bi olatu hoberenekin, eta Biarrizkoak, ostera, 8’36 puntu bildu zituen.

La Torchen irabazi ostean, Galiziako Razo hondartzan datorren astean egingo den itzuliko azken txapelketan lehiatzeko irrikaz dagoela azaldu zuen Gonzalez Etxabarri gazteak, oholtzatik jaitsi ostean: «Olatu hau egokia da niretzat, ezker olatu asko dago eta niretzat leku berezia bilakatzen ari da. Asko entrenatu ginen surf egin aurretik, eta dibertigarria izan zen. Nire ahizparen urratsak jarraitu nahi ditut eta Razorako oso gogotsu nago».

SAM PITER

Mutilen kategorian ere alde handiz nagusitu zen txapelduna. Sam Piter 20 urteko Seignosseko surflariak 16’84 puntu bildu zituen bere bi olatu hoberenekin, eta, aldiz, Elay Bochan, Israelgo surflariak 13’47 puntu baino ez zituen bildu finalean hartu zituen bere bi olatu indartsuenekin.

Bretainian lortutako emaitzari esker, rankingeko lehen postuan da egun Sam Piter. Bigarren postuan, Tim Elter kokatzen da, Marokon egin zen Junior itzuliko lehen txapelketa irabazi zuen alemaniarra, eta hirugarren postura Elay Bochan igo da. Puntu berberekin, hirugarren postuan da baita ere Paco Alonzo surflari frantsesa.

Mutilen kategorian lehiatu ziren euskal ordezkarien artean, Iker Trigueros bilbotarra da rankingean postu hoberenean dagoen lehiakidea. Hamazazpi urteko bilbotar gaztea bederatzigarren postuan da Europako Junior rankingean. Bere atzetik, hamalaugarren postuan beste bizkaitar bat nabarmentzen da, Markel Vizcarguenaga, 20 urteko Gorlizko surflaria.

Aipatzekoa da iaz euskal surflariek Junior kategorian emaitza onak lortu zituztela, baita mutilen kategorian ere; izan ere, Janire Gonzalez Etxabarrirekin batera, Bitor Garitaonandia debarrak ere irabazi zuen 2022ko Europako Junior txapela.