Surflari ERNEGATUA

Eskerrak eman

Azalpenak ematen ari naiz nire ikasleei. «Gaiztakeria bat egin behar duzuenean, irakaslearen autoko kristalak hautsi edo beste eskoletako ikasleen bizikletak lapurtu, zein da ekintza burutzeko pentsatu behar duzuen lehen gauza?», galdetzen diet. Inork ez du ganorazko erantzunik ematen, ezta haiekin den begiraleak ere, erabat jokoz kanpo geratzen ari naizela ohartzen naiz. Nire ohiko adibideek ez dute balio eta nire galderak nik neuk erantzun behar izaten ditut. «Lehenik, nondik ihes egin jakin behar da», erantzuten dut nik luzatutako galdera. «Surfean bezala da; horregatik, zutik jartzea baino askoz ere garrantzitsuagoa da edozein olatu hartu eta lehorrera irteten jakitea», nabarmentzen dut. Eta horren ostean, ohiko azalpenak etortzen dira, itsasora begiratu, korronteak non dauden galdetu eta abar.

Angeluko Kortsarioen hondartzan nago Kanboko haurrei azalpenak ematen, eta lantzean behin haien arreta desbideratzen duen mozoloren bat agertzen da. Lehenik, lau gurpileko moto bat pasa da ondotik, itsasoan gurpil lodiak garbitzeko; noski, alferrik ari da, itzuleran berriz «zikinduko» baititu, baina ez du axola, bere bi helburuak bete ditu, jendea berari so egotea eta itsasbazterrean CO2 usaina zabaltzea.

Nire ikasleek liluraz begiratzen dute, eta nik, jeloskor, hori bezalako jendeari esker haien bizitzako uda freskoena pasa berri dutela adierazten diet. Berriz ere begirada hori, «irakaslea burutik jota dago». Edozein azalpen alferrikakoa dela ohartuta, itsasora bidali ditut haurrak, egin dezatela haien bidea bakar-bakarrik...

Egun bikaina da, ez da haizerik eta olatuak txikiak dira. Itsas azalean motordun taula baten gainean zutik bueltaka dabil beste morroi bat, aurrekoaren bi helburu berberekin, eta berriz ere, ikasleek egiten ari ziren guztia utzi dute, eta hari begira geratu dira txundituta. Jarraian, beste lau hippy itsasoaren zaintzaren aldeko txalekoekin, uretako motoen gainean, azeleragailua sakatu eta CO2 uhinak hedatzen, eta horrela bata bestearen atzetik, eta aldiro ikasleen lilura, eta aldiro niri higuina sorrarazten didaten motozaleei eskerrak emateko deia, eta aldiro ikasleen harridura aurpegia. Etsigarria da. Lastima, itsas kolpe bat ez sartzea. Itsaso zakarrarekin gauzak bestelakoak lirateke, zeren egiaz ikasteko bi modu daude, txarrera eta oso txarrera; eta kontrakoa diotenei, onera ere ikastea posible dela, badirela modu gozagarriak, energia positiboak eta antzekoak aipatzen dituztenei, horiei ere, eskerrak eman...