Mikel ARAMENDI
Kazetaria
JOPUNTUA

Antony Blinken, historia berregiten

Interesgarria izango zatekeen jakitea zein zen hizlariaren adimenean zebilen erreferentzia. Interesgarriena, kasik. Zeren hark zioenaren edukia, asko-gutxi, lehendik esandakoa zen, edo ezinbestez hartatik eratortzen dena. Hori bai, argi eta txukun azalduta eta solemnitate puntu batez antzeztuta...

Hizlaria, noski, Antony Blinken zen, Estatu idazkaria eta Biden administrazioko ahaltsuena, ahalguztiduna ez bada. Eszenatokia, Baltimoreko Johns Hopkins unibertsitateko School of Advanced International Studies ospetsua. Eguna: 2023ko irailaren 13a.

Gure ingurumari honetan hitzaldiaren berri eman duten hedabide bakanek -deigarria benetan AEB bertakoetan zein arreta gutxi eskaini zaion, informazio orokorrekoetan behintzat- nahiko zuzen laburbildu dute, nik uste. Gehiago nahi duenak, ordea, aise aurkituko du hitzaldi osoa Youtuben, azpititulu eta guzti.

Edukia: aro bat -Gerra Hotzaren ondorengo aroa- amaitzen, eta beste bat, berria, hasten ari da; eta orain hartzen ditugun erabakiek datozen hamarkadetako -adi epeari- etorkizuna erabakiko dute. «Munduko Pekin eta Moskuek -adi ordenari- alde anitzeko ordena berridatzi edo erauzi nahi dute, faltsuki argudiatuz ordena hori Mendebaldearen interesa lehenesteko besterik ez dagoela». Eta horrela ordubete. Gerra Hotz (?) berriaren (??) manifestua deitu dio baten batek.

Hortik erreferentzien garrantzia. Blinkenek izendatuki aipatu zituen erreferente batzuk: Paul Nitze, Zbigniew Brzezinski; etxekotasunez, haien goitizenak ere erabiliz.

Nabari zen, haatik, aurrekari historikoago batzuk zerabiltzala buruan. Irudipena daukat 1946ko otsailean “Telegrama luzea” idazten arituko zen George F. Kennan-en, edota handik hilabetera Fultoneko hitzaldi famatua egin zuen Churchillen paperean ikusten zuela bere burua.

Niri, ordea, 1947ko martxoan, “Truman doktrina” sagaratuko zuen hitzaldia gogorarazi zidan bete-betean.

Eta, ez dakit zergatik, Fukuyama etorri zitzaidan burura.