GARA
PIRAGUISMOA

Chourrautek eta Arregik zilarrezko domina lortu dute Munduko Txapelketan

Gipuzkoarrek, Sorriberekin batera, jaitsiera ikusgarri bat osatu dute, baina ate bat ukitzeagatik jasotako zigorrak garaipenik gabe utzi ditu.

Chourraut, Sorribe eta Arregi, lortutako zilarrezko domina ospatzen.
Chourraut, Sorribe eta Arregi, lortutako zilarrezko domina ospatzen. (RFEPiraguismo)

Maialen Chourraut eta Olatz Arregi piraguista gipuzkoarrek izugarri ondo ekin zioten egun hauetan London inguruko Lee Valley-eko kanal olinpikoan jokatzen ari den Munduko Txapelketari, eta, Laia Sorribe katalanarekin batera, zilarrezko domina jantzi zuten taldekako kayakeko eslalom proban.

Espainiako selekzioarekin aritu zen hirukoteak 108.91ko denborarekin amaitu zuen bere lana, urrea eskuratu zuten Jessica eta Noemie Fox ahizpak eta Kate Eckhardt australiarrengandik 29 ehuneneko eskasetara geratuz. Bidean ate bat ukitzeagatik jasotako zigorrak lehen posturik gabe utzi zituen Chourraut, Arregi eta Sorribe. Hirugarren postua Britainia Handiarentzat izan zen, 109.02ko denborarekin.

Emaitza honekin, Maialen Chourrautek bere hirugarren domina lortu du Munduko Txapelketetan, aurretik beste zilarrezko bat jantzi zuen, horren ondo ezagutzen duen La Seu d’Urgell, 2009an, eta brontzezkoa, Bratislavan, 2011n. Joko Olinpikoetako bere lehen domina orain lehiatzen ari diren Lee Valley-en bertan jantzi zuen, brontzea, London 2012an. Eta ordutik, Rio 2016an urrea lortu zuen, eta Tokio 2020an, zilarra.

Olatz Arregi donostiarrarentzat, ordea, hauxe da bere ibilbidean lortutako emaitzarik azpimarragarriena. Orain arte, 2021ean Europako Txapelketako eslalom extrem proban lortutako zortzigarren postua zuen bere gailurra, urte berean eta proba berean lortutako Espainiako txapelketarekin batera.

PODIUMETIK GERTU

Miren Lazkano eta Klara Olazabal ere podiuma zapaltzetik oso gertu egon ziren, Nuria Villarrubiarekin batera laugarrenak izan baitziren taldekako kanoa proban. 30 ehunenekogatik egin zien ihes Esloveniarentzat izan zen brontzezko dominak. Britainia Handiak lortu zuen urrea, eta Txekiar Errepublikarentzat izan zen zilarra.

Gizonezkoetan, Pau Etxaniz donostiarra hamargarrena izan da kayakeko Espainiako selekzioarekin.

Gaur hasiko diren bakarkako probek sari bikoitza izango dute, bertan, Paris 2024rako txartelak ere banatuko baitira.

Gaur, kanoako banakako lehen probak jokatuko dira, eta bertan, Miren Lazkano eta Klara Olazabal saiatuko dira ostiralean izango diren finalerdietarako txartela eskuratzen. Kayakean arituko diren Maialen Chourraut, Olatz Arregi eta Pau Etxanizek, aldiz, atseden hartzeko modua izango dute, euren sailkatze probak ostegunean izango dituztelako.

Eta beharko dute, hortik aurrera lanak pilatzea seinale ona izango baita eurentzat. Izan ere, Olatz Arregik, Klara Olazabalek, Miren Lazkanok, Maialen Chourrautek eta Pau Etxanizek Kayak Kros proban ere parte hartzeko asmoa dute. Muturreko kayak proba hau Parisko Olinpiar Jokoetan estreinatuko da, eta denek egon nahi dute lehenengo 41 hautatuen artean.