Maider EIZMENDI
Kazetaria
JOPUNTUA

Entzun

Nahi adina izanda ere, sarri zein zaila den egoera traketsean dagoen pertsonari esateko hitz bakar batzuk topatzea. Batzuek badute, noski, horretarako abilezia berezia, edo besterik gabe ez dute sentitzen isilik geratzeko erreparoa eta begiradaz edo keinu bakar batekin helarazten diote parekoari kontsolamendua. Tamalez, ni ez naiz horietakoa eta handik eta hemendik saiatzen naiz aringarri izango den hitzen bat bilatzen. Topatu izan dut, baina ohartu izan naiz nahi baino gehiagotan, leun arituagatik, isilik geratzea eta arretaz entzutea zela pertsona horrek nahi eta espero zuena. Nahiko nuke, baina ez dago halakoetarako eskulibururik, ezta aholku zerrendarik ere, unearen, arazoaren eta pertsonaren baitakoa baita, baina, edozein kasutan, bestearen tokian jartzen jakitea funtsezkoa dela uste dut. Pentsa, norbanakoei laguntzeko garatzen ari diren robotei ere enpatia garatzeko eta fintzeko ahaleginetan dabiltza adituak.

Horregatik poztu nau gero eta beharrezkoago egiten ari den gaitasun hau entrenatu eta landu daitekeela nabarmentzen duten ikertzaileen hitzak irakurtzeak; eta ez soilik haurtzaroan edota izaera bera gorpuzten den sasoian; antza, ariketen bidez gerora ere garatu daiteke bestearen emozioak errekonozitu, ulertu eta azalean sentitzeko abilezia, saiakera errepikatuaren errepikatuaz. Gure garunak ez du moldagarritasun hori galtzen; gakoa, bistan denez, halako gaitasunak izatea garrantzitsua dela ohartzea da eta entzuteko eta ulertzeko eremu egokiak sortzen jakitea ere bai. Izan ere, adituen hitzetan, aurrez aurre aritzea funtsezkoa da keinuak eta begiradak ulertu eta parekoak baliatzen dituen hitzei eta tonuari zentzua emateko eta, hala, zer senti dezakeen jakiteko.

Adimen emozionala gora eta behera, kontzeptuan zangotrabatuta gabiltza eta egin diren ikerketek eta senak eta esperientziak berak diote hari begietara begiratzea, presarik eta hitz magikorik bilatu gabe entzutea eta ahalik eta gehien bere zapatak jantzita, batera edo bestera izan, erantzutea direla parekoa ulertzeko eta laguntzeko bideak.