GARA
DONOSTIA

Eudelen «hurbiltasuna» aipatu du Apraizek, finantzaketa Alkortak

Eudelen «hurbiltasuna eta adostasun balioak» nabarmendu zituen atzo presidente hautatu zuten Esther Apraiz (EAJ) Derioko alkateak. Finantzaketaren garrantzia azpimarratu zuen presidenteorde izango denak, Nagore Alkorta (EH Bildu) Azpeitiko alkateak. Irungo alkate Jose Antonio Santano (PSE) ere presidenteorde izango da.

Nagore Alkorta, Esther Apraiz eta Jose Antonio Santano.
Nagore Alkorta, Esther Apraiz eta Jose Antonio Santano. (Jon URBE | FOKU)

Esther Apraiz (EAJko Derioko alkatea) Eudel udalerrien elkarteko presidente berriak erakunde honen «hurbiltasun eta adostasun balioak» defendatu zituen atzo Donostian egin zen batzar orokorrean hautatua izan eta gero. Harekin batera, Nagore Alkorta (EH Bilduko Azpeitiko alkatea) eta Jose Antonio Santano (PSEko Irungo alkatea) izendatu zituzten presidenteorde.

Batzorde Eragileko gainerako kideak ere hautatu zituzten atzoko bileran: Erlantz Urresti (EAJkoa eta Maruri Jatabeko alkatea), Maialen Gurrutxaga (EAJkoa eta Elgoibarko alkatea), Jon Luqui Albisu (EAJkoa eta Urretxuko alkatea), Nati Lopez de Muniain (EAJkoa eta Burguko alkatea), Txerra Molinuevo (EAJkoa eta Amurrioko alkatea), Iñigo Hernando (EH Bildukoa eta Galdakaoko alkatea), Txelo Auzmendi (EH Bildukoa eta Asparrenako alkatea), Xabier Lertxundi (EH Bildukoa eta Hernaniko alkatea), Eneritz Azpitarte (EH Bildukoa eta Zaldibarko alkatea), Izaro Elorza (EH Bildukoa eta Oñatiko alkatea), Mikel Torres (PSEkoa eta Portugaleteko alkatea) eta Zallako zinegotzi Joseba Andoni Zorrilla (Zalla Bai).

Inbestidura-hitzaldian, Apraizek izendapenak eragiten zion zirrararen berri eman zuen: «Ohorea da nire parekideek, alkateok, euskal udalgintza osoa ordezkatzeko ni aukeratu izana». Eskertu egin zuen aurreko Batzorde Eragileak egindako lana, eta bere lehendabiziko hitzak Gorka Urtarani, karguan bere aurretik izan denari, eta Eudelen hurrengo ibilbidean lagunduko dion talde berriari eskaini zizkien.

Derioko alkateak esan zuen indartsu sentitzen dela, eta badakiela karguak erantzukizun handia eskatzen duela. «Eudel udalerrien ahotsa da, plurala eta partaidetzazkoa, eta tokiko autonomiaren eta finantza-beregaintasunaren berme-lana egiten du».

Plazaratu zituen barne-mailako mezu nagusien artean, Apraizek elkarrizketa eta adostasuna zaintzen jarraitzea proposatu zuen, bai Eudelen gobernu-organoetan, bai foro instituzional zein lantalde guztietan, «udalerri guztiek batera lan egiteko gure helburu amankomunen, herritarren ongizatearen eta bizi-kalitatearen alde».n«Gure herri eta hiriak trantsizio hirukoitzaren agertoki dira, soziodemografikoa, digitala eta ingurumenekoa», esan zuen.

ALKORTA: «EUSKAL UDALAK»

Eudelen presidenteorde berriak, Nagore Alkortak, honakoa adierazi zuen: «Garrantzitsua eta esanguratsua iruditzen zait zuzendaritza berri horretan ordezkaritza orekatuagoa eta zabalagoa izatea, horixe baita Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrek maiatzeko udal hauteskundeetan adierazi zuten borondatea». EH Bilduk bost ordezkari izango ditu zuzendaritza berrian.

Eudelen lehen presidenteordearen hitzetan, «zuzendaritzaren osaketa berri honek balio beharko luke Eudelek indar handiagoa izateko euskal interesen defentsan bestelako erakundeen aurrean».

Ezker subiranistaren aldetik bi lan-ildo eta helburu nagusiak azaldu zituen Alkortak. «Alde batetik, udalen finantziazioa hobetzea, tokiko erakundeetatik herritarrei eskaintzen zaizkien zerbitzuak hobeak eta eraginkorragoak izateko. Eta, beste alde batetik, Eudelek harremanak sendotzea gainontzeko euskal udal erakundeekin», esan zuen.