Alessandro RUTA
Elkarrizketa
Melissa Youssef
Durangoko (Colorado) alkatea

«Oso gertuko pertsona da Sepp Kuss, benetako eredua Durangon»

Melissa Youssef AEBetako Durangoko alkatea da, Sepp Kuss (Jumbo-Visma) Vueltako txapeldun berria jaio zen herria. «Bere familia oso garrantzitsua izan da gure komunitatean eta Sepp bera oso lotuta dago harekin». Tamalez, ez du Euskal Herriko Durango ezagutzen: «Orain badaukat hara joateko aitzakia».

(GARA)

 

A ze nolako urtea Coloradon, kirolari dagokionez! Denver Nuggets saskibaloi taldeak NBA irabazi zuen ekainean eta joan den asteburuan Sepp Kuss txirrindulariak Espainiako Vuelta eskuratu zuen, Italiako Giroan eta Frantziako Tourrean sekulako lasterketa burutu eta gero.

Euskal Herritik lider gisa pasatu zen duela hamar egun eta lurraldearekin lotura bitxia du txapeldunak. Durangokoa da Kuss, baina Ameriketako Estatu Batuetako Durangokoa. Han jaio zen 1994. urtean. Ez duzue txarto irakurri; Bizkaiko udalerriaren izen bera du Coloradoko hiri horrek; biak ia populazio berekoak. 20.000 biztanle ditu hangoak, eta beste antzekotasun bat: eskualde osoa bezala, oso menditsua da. Ez da Vail eta Aspen bezain ezaguna, baina Durango ere kontuan hartzekoa da mendizaletasuna (eta, estuki lotuta, txirrindularitza) hizketagai badira.

Gehiago jakin nahian, Durangoko alkate Melissa Youssefekin hitz egin dugu, Kussen erakustaldiari buruz, bai eta hiriari buruz ere.

Askotan etortzen da Sepp bere jaioterrira?

Sepp oso lotuta dago Durangorekin eta harreman estua mantentzen du, bai lagunekin bai eta entrenatzaileekin ere. Lasterketa-egutegiaren arabera etortzen da familia bisitatzera. Behin hemen dela, hemengo gazteekin zerbait antolatzen saiatzen da, batez ere aholkuak emateko edo zuzenean haiekin bizikletan ibiltzeko.

Nolakoa da Kussen familia?

Istorio luzea du, bai. Seppen aita, Dolph, oso garrantzitsua izan zen, iraganean, eskiatzeko hemengo azpiegiturak garatu eta mantentzeko. Guretzat benetako ikonoa da, Dolph jauna gure inguruko aire libreko aisialdiaren bultzatzailea da, eta Olinpiar Jokoetan parte hartu duten kirolari ohien entrenatzailea izan da.

Jarraitzaileen klubik-edo ba al du Kussek Durangon?

Devo elkartea dugu hemen, txikia zenean Sepp horren partaidea izan zen, 2006. eta 2007. urteetan. Segur aski hor dago bere oraingo arrakastaren oinarria. Bestetik, Durango Nordic Team ere badugu, ziklismoarekin batera Seppek iraupen eskia praktikatzen zuelako. Dena den, oro har gurea txirrindularitzarako oso hiri egokia da.

Nola hasi zen txirrindularitzan? Edo nork bultzatuta?

Seppen ama, Sabina, oso txirrinduzalea da eta hasiera batean bere semea oso txikitatik eramaten zuen bizikletaz. Gero, aipatu bezala, Durango Devo taldean sartu zen. Han batez ere mendi-bizikleta zuen gustuko. Gure erkidegoan iraupen eskiarekin eta txirrindularitzarekin afizio handia dago eta Seppen aita Dolph, berriro diot, funtsezko pertsona izan da kirol mota hauek guztiak garatzeko. Esan dezakeguna da Sepp entrenatzailez, tutorez eta kirolari bikainez inguratuta zegoela.

Nola sentitzen zara honelako txapeldun bat herrikide izanda? Zerbait berezia prestatuko al diozu?

Gure komunitateak dagoeneko duela urte batzuk Seppek Vueltan lortu zuen etapa garaipena [2019ko Vueltan, Tineo-Aceboko santutegiaren arteko etapa, hain zuzen ere] ospatu zuen, eta ahalegin guztiak egingo ditugu orain, Durangora itzultzen denean, bere 2023ko denboraldi zoragarria ospatzeko. Azpimarratuko nuke Sepp ez dela bakarrik ikaragarrizko ziklista bat, orokorrean oso tipo jatorra eta gertukoa, eskuragarria, ere bada. Benetako eredua, plazagizona.

Kuss aparte utzita, non dago txirrindularitza orduan Durangon?

Mundu mailako txapeldun ugari ditugu bizilagun, baita Olinpiar Jokoetako eta AEBetako txapeldunak ere. Lehenengo mendi-bizikletako munduko txapelketak Durangok antolatu zituen, 1990. urtean. Gure txirrindularitza-kultura oso aberatsa da, eta komunitatean edonon ikus daiteke hori. Badakizue Durangoko zenbat ziklista zeuden azken Frantziako Tourraren pelotoian? Bakarra ez, bi ziren: Sepp eta Lidl Trek-ko Quinn Simmons.

Nolakoa da Durangon egun arrunt?

Hemen kirola asko maite dugu: txirrindularitza, korrika egitea, eskiatzea eta kayaka ere praktikatzen dira. Lurraldea eta ingurua zoragarriak dira horretarako.

Euskal Herrian bezala, orduan. Ba al zenekien hemen beste Durango bat daukagula? Bide batez, zuen Durango baino zertxobait handiagoa, eta apur bat menditsua hau ere. Horregatik, Sepp Kussekin harritu egin ginen, «gutariko» bat zirudielako.

Egia esan, ez nuen ezagutzen. Badakit Mexikon Durango bat existitzen dela, baina Euskal Herrikoa ez. Joan beharko dut, ezta? Mila esker abisatzeagatik, orain horretarako aitzakia badaukat...