Jon ORMAZABAL
PILOTA

Azken indar tanta ere zukututa, urte osorako olioa eman dio Etxeberriak Asperi

Zenotzekoak eta Iker Salaberriak banakako lehiatan lortutako garaipenek eman dizkiete Eibarko enpresakoei jokoan jarritako 900 botilak.

Peio Etxeberriak oso sasoiko dagoela berretsi zuen.
Peio Etxeberriak oso sasoiko dagoela berretsi zuen. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Olioa azkenaldian hartzen ari den prezioarekin, merezi zuen esfortzuak eta, barruan zuen azken indar tanta ere zukututa, urte osorako Asperen biltegia bete du Peio Etxeberriak, partida akigarri batean Iñaki Artolari 18-14 gailenduta. Hobeto esanda, ultzamarraren garaipena erabakigarria izan bazen ere, buruz buruko lehiek eman zioten saria Eibarko enpresari, lau eta erdikoan Iker Salaberriak lortutako garaipena ere funtsezkoa izan baitzen (18-15 Agirreri). Binakakoan, Jaka-Mariezkurrenaren erakustaldia -(22-5) Elordi-Tolosari- antzutuz.

Lehen puntua lehen mailako kaiolako txapelketan izango den Iker Salaberriak lortu zuen, denborarik gehienean markagailuan aurretik izan zen Asier Agirreri gailenduta, eta azken sei tantoak jarraian lortuta. Kosta egin zitzaion goizuetarrari partidan sartzea, baina Promozio mailako txapeldunak lau eta erdian aritzeko dohainak dituela erakutsi du. Sakea -7 tanto- eta ezker gantxoa izan dira Salaberriaren armarik arriskutsuenak.

ERAKUSTALDI ANTZUA

Oso bestelakoa izan zen binakako partida, eta Jaka-Mariezkurrena Elordi-Tolosaren gainetik pasa ziren (22-5). Sasoi puntu antagonikoan dauden bi bikote jarri zituzten enpresek parez pare, eta kantxan asko igarri zen batzuen ahala eta besteen ezina. San Mateotako finaletik at, ziurrenik -Peñaren baimenarekin- Baikon udarik onena egin duten bi pilotariak jarri zituzten elkarrekin erronka honetarako, eta kantxan ikaragarri gozatu zuten, erabat bateragarria delako bien jokoa. Atzean, Jon Mariezkurrena nahieran aritu zen, eskuinez zulo handiak irekiz azken unean deitua izan den Xabi Tolosaren aurka. Anoetarra ari da, poliki-poliki, bere mailara itzultzen, baina oraindik ez dago gaur egungo Jon Mariezkurrenari aurre egiteko moduan.

Eta halako baldintzetan, nekez topatuko du Berriozarrekoak egungo Erik Jaka baino aurrelari hoberik bere nagusitasunari etekina ateratzeko.

Dena airean zela kantxaratu ziren Peio Etxeberria eta Iñaki Artola buruz buruko demarako, eta partida ederra eskaini zuten. Lehen sakea lagun, nafarra aurreratu zen 5-0, aurkaria bere erritmo itogarrian harrapatuta, baina pixkanaka Iñaki Artola jokoan sartu eta indarrak asko orekatu ziren. Joko oso desberdina erabili zuten biek parekoa gastatzeko. Goiko posturekin Peio Etxeberria, eta behetik askoz luzeago jokatuta alegiarra. Pilotak eta norberaren indarrak gastatu ahala, Iñaki Artolak osoago zirudien, baina berezkoa duen eta beharrezkoa zuen oldarkortasunak saria izan zuen Peiorentzat.