EDITORIALA

Nord Stream, Alemania eta desindustrializazioa

Urte bat pasa da Nord Stream gasbideak lehertu zituztenetik. Sabotajeak gas errusiarra Europara esportatzeko bidea moztu eta tentsio geopolitikoak biderkatu zituen. Ofizialki, Suediak, Danimarkak eta Alemaniak berak ikerketak abiatu zituzten, baina urte bat geroago, ekintza zeinek egin zuen galdetuta, erantzunik gabe jarraitzen dugu. Bistan da gasbideak moztu zituen horrelako leherketa indartsu batek, hain itsas sakonean egindakoak, beharrezkoak dituen teknologien potentzial osoa eskura duen estatu bat duela atzean. Eta bistan da estatu horrek Alemania eta Errusiaren arteko elkarkidetasuna etetean eta Europaren mendekotasunean interesa duela.

Errusiako gas merkearen galerari Alemaniaren gainbehera ekonomikoaren erruaren zati bat egotz dakioke. Aurrekaririk gabeko kolpe latza izan baita energia kontsumo intentsiboa behar duten bere industrientzat eta, Europako manufaktura-potentzia den heinean, oro har kontinenteko industria sektorearentzat, baita Euskal Herrikoarentzat ere. Azken hamarkadetan, Alemaniak arrakasta ekonomikoak bata bestearen ondotik kateatu ditu, luxuzko autoak edo industriarako makineria bezalako kalitate handiko produktuen merkatu globala dominatu du, munduari hainbeste salduz, ezen bere ekonomiaren erdia esportazioetan oinarritzen zen. Lanpostuak nahi bestekoak eta nolanahikoak zituen, gobernuaren diru kutxak bete-beteta zeuden, Europako beste herrialdeak zorretan itotzen ziren bitartean. Ekonomiaren inguruko teoriek eta eskuliburuek irakasten zutenez, beste guztiek ikasi eta txintxo-txintxo jarraitu behar zuten Alemaniaren adibidea.

Hori bukatu da. Egun, ekonomia garatuen artean, Alemaniarena da errendimendu okerrena duena. Hala esan berri du Nazioarteko Diru Funtsak. Europako Batasunaren aurreikuspena da aurten gainbehera areagotuko dela. Enpresaburu handiak ere oso larrituta dabiltza, alarmak piztuta. Energia kostu handiekin, Alemaniaren desindustrializazioa ate joka dela diote, fabrikak eta soldata altuko lanpostuak beste norabait alde egingo dutela. Hau guztia zen Nord Stream lehertu zutenek gogoan zuten helburua, aitortuko ez dutena.