GARA
BILBO
TRIATLOIA

Bilboko itsasadarra izango da distantzia erdiko triatloiko bereizgarria

Larunbatean, hilak 30, Bilboko triatloiaren XII. edizioa jokatuko da, 15.00etatik aurrera. Espainiako Koparako puntuagarria izango da.

Bilboko triatloiko antolatzaileak eta babesleak, irabazleen txapelekin.
Bilboko triatloiko antolatzaileak eta babesleak, irabazleen txapelekin. (BILBOKO UDALA)

Bilbao Triathlon lasterketaren hamabigarren edizioa datorren larunbatean, irailaren 30ean jokatuko dute. Itsasadarra izango da protagonista nagusia, eta bertan igeriketa eta oinezko lasterketak lehiatuko dira.

Lehenengo proba -igeriketakoa- 15.00etan hasiko da, marea igotzearekin batera. Ramon de la Sota kaitik irtengo dira, Itsasmuseum parean, elite kategoriako kirolariak, gizonezkoak zein emakumezkoak.

Ondoren, gainerakoak adin taldeka aterako dira, 1.900 metroko joan-etorriko ibilbidea egiteko, eta aipatutako kaira itzuliko dira. Han aldaketa egingo da, bizikletaren zatiari aurre egiteko.

Bigarren probak, txirrindularitzakoak, 83,5 kilometroko ibilbidea izango du, eta edizio honetan berrikuntza batzuk izango ditu, kirolariak hiritik lehenbailehen ateratzeko pentsaturik. Horrela, oinezkoengan eragin gehiago izatea saihestuko da.

Horrela, Itsasmuseumetik Euskalduna Zubia, Deustu eta San Inazio hartuko dituzte, Elorrietako Erriberatik irten eta Txorierritik Larrabetzura joateko. Hortik aurrera lehengo urteetako ibilbidea errepikatuko da.

Hori Morga gainetik igaroko da, Mungialdeko eremutik, Butroetik igaro eta Urdulizeraino. Unbe gaina ere igoko du. Ondoren, EHUtik eta Erandiotik jarraituko du, berriro Elorrietara iritsi arte, eta Bilbora itzuliko da.

BOST BIRA

Korrikako saioari dagokionez, bost itzuli emango dizkiote itsasadarraren pasealekua ezkerraldetik zeharkatuko duen zirkuitu bati, Itsasmuseumeko zabalgunetik udaletxeko zubiraino. Guztira, 21 kilometro.

Edizio berri hau baliagarria da Estatu espainoleko Distantzia Ertaineko Koparako, eta, arduradunek adierazi dutenez, «Aquabike modalitatea mantendu dugu, eta, horri esker, Kopa hori lortzeko borrokan ari diren Estatuko eta Euskal Herriko triatleta onenetako batzuk lehiatuko dira».

Antolatzaileek atzoko aurkezpenean esan zutenez, itsasadarrak «probak duen erakargarritasun handienetako bat izan behar du, kirolarien, bisitarien eta herritarren arteko lotura sendotzen baitu», kirolariek marka onekin esperientzia politaz gozatu ahal izan dezaten.