Ane URKIRI ANSOLA
BILBO
”GELDIEZINAK” EGITASMOA

«Ezin dugu borrokaz ahaztu» aldarri eginik, erreferentziak sortzea helburu

Lakua eta Basque Team-ek elkarlanean sortu dute “Geldiezinak” proiektua, emakumezko kirolarien balentriak eta erreferentziak indartzeko asmoarekin. Dokumental saila ETB1en abiatuko da urrian.

Ibone Belaustegigoitia, mikrofonoa eskuan, Maider Unda eta Maialen Chourrautekin.
Ibone Belaustegigoitia, mikrofonoa eskuan, Maider Unda eta Maialen Chourrautekin. (Aritz LOIOLA | FOKU)

’Geldiezinak’ egitasmoa «zerbaiten hasiera» izatea xedetzat hartuta, kirolari andana agertu zen atzo EiTBk Bilbon duen egoitzara. Une zirraragarria izan zen, erreferentziazko zenbait kirolari toki bakar batean elkartu baitziren, emakumeek lehen lerroan egon behar dutela nabarmentzen.

«Izan nahi dut andre eta jabe, esku eta buru, aski eta aske; kristalezko sabaiak arrakalatzeko, bularrekin ez bada, eskuekin». Mezu indartsu hori izan da proiektuaren aurkezpeneko oinarria. Eta ekitaldiaren bukaeran Bingen Zupiria Lakuako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak emandako datuak zer hausnartzeko eman du: Nazio Batuen Erakundeak (NBE) iaz eginiko ikerketa baten arabera, erritmo honetan, gizonen eta emakumeen arteko berdintasun totala lortzeko 300 urte beharko dira.

Etsigarria izan daiteke datua, eta Maialen Chourrautek (Lasarte-Oria, 1983) -Olinpiar Jokoetan urrezko, zilarrezko eta brontzezko domina irabazitakoak- hasperen ere egin zuen, baina argi dauka ekinean jarraitu behar dutela. «Beharrezkoa da gizartean ikusaraztea, eta horretarako norbaitek guregan arreta jarri behar du», esan zion GARAri, ekitaldia bukatutakoan.

Maider Telleriak (Donostia, 1973), Bartzelonako Olinpiar Jokoetan belar hockeyan urrezko domina kolkoratutakoak, argi eta zehatz esan zuen: «Baliabideak dira gakoa». Orduan, 1992ko hitzordu olinpikora, gizonek eta emakumeek baliabide berdinak izan zituzten, Estatu espainolean zen ekitaldi horretan garaipenak pilatzeko asmo argiz. Baina gertaera hura anekdotikoa izan zela adierazi zuen.

Karmele Gisasola “Zelai III.a” (Mallabia, 1994) eta Nerea Arruti (Urnieta, 1990) herri kirolariek besoak inoiz jaitsi behar ez dituztela ohartarazi zuten. «Aurten, esaterako, banakako pentatloia egin gabe geratu gara. Badirudi aurrera goazela eta geldiezina dela aurrerapausoa, baina zenbaitetan horrelako atzerapausoak izaten dira eta, beraz, ekinean jarraitu behar dugu», esan zuen mallabitarrak.

«Ezin dugu borrokaz ahaztu», gehitu zuen, eta Arrutirekin bat etorri da erreferentzia izatea -edo etiketa hori jarri izana- ohorea dela. «Ez zara kontziente. Nik gustukoa egiten dut. Herri kiroletan bilatu dut beste kirolek eskaintzen ez zidatena, eta gustura nabil. Errekonozimendu hau edukitzea ohorea da», onartu zuen urnietarrak.

Aitzindaria izate horretan, besteak beste, Ibone Belaustegigoitia (Bilbo, 1930) izan zen, tranpolin jauzian. Olinpiar Jokoetan lehiatu zen lehen euskal emakumea izan zen (1948an, Londresen) eta ekitaldira joan zirenentzat berritasun bat izan zen, inspirazioa. Aitzindariak izan ziren emakume horiek ahanzturan nola geratu direnaren seinale. Bere ahizpa Bibiñerekin bertaratu zen Ibone, eta «kirolari puska» andanarekin parte hartzea zoragarria iruditu zitzaion. «Bidea zabaldu genuen», onartu zuen, eta egungo emakumeak «trebeagoak» direla nabarmendu zuen bilbotarrak.

HIRU ARDATZ

Bidea egiten jarraitu behar delako, hain zuzen ere, jaio da ‘Geldiezinak’ proiektua, Lakuako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzak eta Basque Teamek elkarlanean sortua.

Hiru ardatz izango ditu honek. Batetik, ‘Korina Films’ ekoiztetxeak egindako ‘Geldiezinak’ dokumental saila astero eskainiko dute ETB1en, igandeetan, 11.30ean, ‘Helmuga’ saioaren barnean (urriaren 15ean emango dute lehen atala). Basque Team-eko kanaletan ere ikusgai egongo dira, bai eta EiTBko ‘Primeran’ plataforman ere.

Iñigo Asensio -besteak beste, NAIZ Irratiko ‘Bigarren Kafea’ saioko aurkezlea- aritu da zuzendari lanetan. Podcast sorta bat ere egin dute, protagonista berberekin, 20 minutuko iraupenekoak.

Bestalde, 6 eta 11 urte bitarteko haurrei zuzendutako ipuin eta fitxa didaktikoen bilduma bat ere egin dute; Paul Caballero eta Ane Undurraga izan dira hauen egileak. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Lehen Hezkuntzako ikastetxe guztietan banatuko dute.