ALAIA SIERRA
GASTEIZ

Artiumi eman diote Basterretxearen artxiboa, «intimoena zein hutsalena»

Artiumi egindako dohaintzan aitaren obraren alde «intimoena zein hutsalena» biltzen da, Gorka Basterretxeak, Nestor Basterretxearen semeak, atzo egindako aurkezpenean ziurtatu zuenez. Lau urteko prozesuaren ostean, gutxienez 5.000 dokumentu museoaren funts dokumentalaren parte izatera pasatu dira eta erabilgarri jarriko dituzte, sarean zen Artium Dokumentazio Zentroan kontsultatzeko.

Elena Roseras, Artium Dokumentazio Zentroko arduraduna, eta Gorka Basterretxea, Nestor Basterretxearen semea, aurkezpenean.
Elena Roseras, Artium Dokumentazio Zentroko arduraduna, eta Gorka Basterretxea, Nestor Basterretxearen semea, aurkezpenean. (Endika PORTILLO | FOKU)

Gasteizko Artium museoak Nestor Basterretxea artista bermeotarraren artxibo pertsonala jaso du haren familiarengandik. 5.000 dokumentu baino gehiago ditu artxibategi horrek, tartean, Biok altzari modernoen diseinu-enpresaren inguruko objektuak, proiektu artistikoak, zirriborroak, idatziak, gutunak, gidoi zinematografikoak, prentsa-zatiak eta materialak.

Atzo eman zuten dohaintzaren berri museoan bertan. Beatriz Herraez Artium museoko zuzendariarekin, Elena Roseras Dokumentazio Zentroko arduradunarekin eta Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusi eta Artium Fundazioaren presidentearekin batera, Gorka Basterretxea artistaren semeak hartu zuen hitza, sendiaren izenean.

«Zalantza eta iluntasun garai baten ondoren» museora iritsi diren kutxetan Basterretxearen lan «intimoena zein hutsalena» jasotzen dela azaldu zuen Basterretxeak, «bertan pausatuko diren beste begirada batzuentzat baliagarria izan dadin» Artiumek argitara aterako duena. «Bai hura [Nestor] eta bai gure burua hobeto ulertzeko» balioko duten elementuak direla ziur dago semea, «anabasa desegiten, egitura berriz hornitu duen taldeari esker».

Artistaren artxibo pertsonal osoa biltzen du Basterretxea-Irurzun familiak emandakoak, eta haren ibilbide artistiko eta sortzailearen aniztasunaren berri ematen duten askotariko materialak ditu. Artistak eskuz idatzitako eta mekanografiatutako testuek, gidoi zinematografikoen proposamenek, erakusketen liburuxkek, korrespondentziak, hainbat proiekturi buruzko dokumentazioak, argazki ugarik eta 1950az geroztik Basterretxearen gainean argitaratu diren prentsa-artikuluek osatzen dute ondarea.

Gorka Basterretxeak esandakoarekin ados, Beatriz Herraez Artium museoko zuzendariak aipatu zuen jasotako ondarea artista «poliedrikoa» ulertzeko baliagarria izango dela. Gainera, Basterretxearen dokumentazioaren eta obren arteko lotura egitea ahalbidetuko dio kontsultatzen edo ikusten duenari. Artistaren lanaren «zabaltasuna» azpimarratu zuen Herraezek, baita bere «konplexutasuna» eta «trinkotasuna» ere, ekintza sozialarekin zuen harremana bereziki gailenduz.

«Basterretxearen ondare dokumental honek ikuspegi paregabea ematen du artistaren bizitzari eta lanari buruz, baita beste artista eta kultur eragile batzuekin duen harremanari buruz ere, eta aukera ematen du erreferente gisa duen papera eta Euskal Herrian arte garaikidearen garapenean egiten duen ekarpena ulertzeko. Baina, horretaz gain, Basterretxea Artxiboko dokumentazioaren aniztasunak, interesak eta zabaltasunak bere obraren testuinguru historiko eta artistikoa hobeto ulertzen lagunduko du», laburbildu zuen Arte Garaikidearen Museoko arduradunak.

HAINBAT DIZIPLINA ARTISTIKO

Nestor Basterretxearen aurpegi horiek guztiak erakusten ditu bere etxetik Artiumera lekualdatu duten funtsak. Ikus-entzunezkoei dagokienez, “Pelotari” (1963), “Ama Lur” (1966-1968), “Alquezar” (1965) eta “Artea eta kulturak Amerika prehispanikoan” (1988-1992) filmetako lan materialak bildu dituzte, bai eta egin gabeko proiektu zinematografikoak ere; hainbat arte-proiekturen zirriborroak, hala nola Arantzazuko kriptako margolanenak eta “La ola”, “La paloma de la paz” edo “Urbide” eskultura publikoenak.

Horrekin batera, Basterretxearen familia- eta arte-bizitzari, munduaren eta gizakiaren ikuspegiari eta kulturako beste artista eta pertsona ospetsu batzuei buruzko gutunak eta idatziak eman ditu familiak; eta proiektu arkitektonikoei buruzko hainbat dokumentu, esaterako, Lemoizko zentral nuklearrari buruzkoa. Nabarmentzekoa da Oteizari buruzko dokumentu-bolumen handia, zeinak agerian uzten baitu bien arteko harreman pertsonal berezia.

Halaber, material horietako batzuk gaur egun ikusgai daude “Bilduma Hau Colección. Oinarrizko mugimenduak (1950-2002)” erakusketan, hainbat margolan eta marrazkirekin eta “Operación H” (1963) film esperimentalarekin batera.

BAT GEHIAGO BILDUMAN

Duela lau urtera atzera egin zuen atzo Herraezek Basterretxearen pieza desberdinez inguratutako gelan egin zuten aurkezpenean. Orduan hasi zen dohaintza honen prozesua, bermeotarraren «etxe-lantegira bisita egin genuenean». Une horretatik artistaren sendikoek agertutako «eskuzabaltasunak, konfiantzak eta konplizitateak» izandako garrantzia azpimarratu zuen zuzendariak.

Atzo bertan amaitu zen prozesu horri esker, Juncal Ballestin, Rafael Lafuente, Juana Cima, Joaquin Fraile eta Gerardo Armestoren funtsekin bat egin du Basterretxearenak. Katalogatzeko eta digitalizatzeko lanaren ondoren, museoan eta Artiumen plataformaren bidez kontsulta daitezkeen dokumentu bildumak dira hauek.

Elena Roseras Dokumentazio Zentroko arduradunak nabarmendu zuenez, ikerketa- eta katalogazio-proiektu horiek «funtsezko zeregina dira memoria zaintzeko» eta dokumentu-ondarearen bitartez, «euskal artisten irudien inguruko ezagutza sortu eta zabaltzeko», bai eta «oroimena zaintzeko» ere.

Gaur egun eskuragarri dagoen informazioa bateratu, sistematizatu, osatu eta aberasteko proiektua da, XX. eta XXI. mendeetako praktika artistikoak ulertzen eta testuinguruan kokatzen lagunduko duen ekimena.

Basterretxearen funtsetik oraindik argazkiak digitalizatzen ari direla azaldu zuen Roserasek, eta honakoa eman zuen argitara: «Espero dugu zenbait aste barru materiala sarean erabilgarri izatea». Hala ere, material horretara iristeko maila desberdinak egongo direla azaldu zuen, eta batzuk museoan bertan kontsultatu beharko dira.

ARGENTINATIK EUSKAL HERRIRA

Nestor Basterretxea Artzadun (1924-2014) XX. mendearen bigarren erdiko euskal eskulturaren berritzaile nagusietako bat izan zen. Artista polifazetikoa izan zen eta adierazpen artistiko ugarirekin esperimentatu zuen, eta, eskultore ez ezik, margolari eta zinemagile ezaguna da.

Gaztetxoa zelarik Ipar Euskal Herrira lehenik eta Estatu frantsesera ondoren erbesteratuta joan zen familiarekin, 36ko gerra hasi berritan. 1941ean, Bigarren Mundu Gerrak sortutako ezinegonak Atlantikoaz haraindi eraman zuen Basterretxea familia, Buenos Airesera zehazki.

Han egin zituen bere lehenengo margolanak eta beranduago beka bat lortu zuen. Aparejadore ikasketak amaituta, ezkondu eta, Jorge Oteizak bultzatuta, Arantzazuko basilikako kriptako horma irudiak egiteko lehiaketara aurkeztu eta irabazi egin zuen, gerora bere lan gailenetako bat bilakatu dena.

Nabarmentzekoa da ere bi talde artistiko garrantzitsuren sortzaileen artean egon zela Nestor Basterretxea: 1957an Equipo 57 osatu zuen, besteak beste Jorge Oteiza eta Agustin Ibarrolarekin batera, eta 1966an Gaur taldea, Oteizarekin eta Eduardo Chillidarekin batera. 2005ean Euskadiko Kutxaren Eusko Ikaskuntza Humanitate, Kultura, Arte eta Gizarte Zientzien Saria jaso zuen eta 2008an Lan Onari ematen zaion domina. 2014ko uztailean zendu zen Hondarribian, 90 urte zituela.