Floren AOIZ
@elomendia
JOPUNTUA

Eskuinaren inbestidura kolpezalea

Espainiar eskuinak ez du inoiz baztertu estatu kolpearen bidea. Leku berezian dago gordeta bere oroimen historikoan. Izan ere, eman dituztenak oso emankorrak izan zaizkie, eta, gainera, aski izan da urruntze formal apala, iraganeko kolpeekiko loturaren zamari ihes egiteko. Hor dugu, esaterako, 1936koa, Hitler eta Mussoliniren laguntzaz egin zutena, hamarkadetako diktadura ezarri zuena, hots. Baina ez ahantzi Primo de Riverarena, urte batzuk lehenago, edo 1981eko autokolpea, aurretik nahiko mugatutako trantsizioa are gehiago mugatu nahi zuena. Tradizio bat da, espainiar eskuindarrendako, estatu kolpearena, bai, zalantzarik gabe.

Baina tradizioak ez daude fosilizatuta, eta eskuinaren kolpeekiko lotura aldatzen joan da urteekin. Betiko kolpearekiko zaletasuna guziz ahaztu gabe, bestelako formulak garatu dituzte. Lawfare deitutako jazarpen judiziala, sakonean, estatu kolpearen mutazio bat da, baina armadaren ordez, epaileak izaten dira protagonista. Sabotaje ekonomikoa edota kaleko krimenen bultzada ditugu beste formulak, logika berari erantzuten diotenak: tresna ez-demokratikoak erabiltzea, gustuko ez dituzten erabaki demokratikoen gauzapena ezinezko bilakatzea.

Sanchezen gobernua ez da iraultza sobietikoa, ez da 1931ko errepublika, ez da prozesu konstituiente ausart bat ere. Askoz esperientzia mugatuagoa da, baina halarik ere, soberazkoa da eskuinarendako. Eta, horregatik, kolpearen logika nagusitzen joan da eskuinaren baitan, lehen uneko itxaropenak zapuztuta, «Frankenstein» izendatutako esperimentuak ez baitu leher egin.

PPren hautagaiak ez zuen inbestidura gainditzeko babesik. Baina egin duten antzezpenak esanahi argia dakar, kolpearen logikari erabat lotuta dagoena: beraiek ontzat ematen ez duten gobernu ororen zilegitasun eza. PPk, Voxekin batera, botere faktikoen eta estatu sakonaren ahotsa eraman nahi izan du Madrilgo Kongresura, argi geldi dadin demokrazia hitz hutsa dela haiendako.