Andoni ARABAOLAZA
ALPEAK

Eigerren iparraldeko horman pizkundea ozen entzun da

Bost eguneko lan eskergaren ondoren, Peter von Kanel-ek eta Silvan Schupbachek «Renaissance» bidea zabaldu dute. Eskalada tradizionalean oinarrituta, eskalatzaileok ez dute parabolt bat bera ere erabili.

Eigerren iparraldeko horma mitikoak ekarpen berria jaso berri du. Azken honek, ordea, badu kutsu berezi bat, eta, gainera, letra larriekin azpimarratu behar dena. Murru laiotz horretan pizkundeari berebiziko garrantzia eman diote; hain zuzen ere, Peter von Kanel eta Silvan Schupbach eskalatzaileek. “Renaissance” da sortu duten proposamen berria. Orain arte, “Rote Fluh” izeneko sekzio tentean zirrikitu oso gogorrak eta erakargarriak egin dira. Baina guztiek badute komunean eite bat: paraboltak dituzte.

Bi eskalatzaileok, aldiz, zulagailua etxean utzi eta estilo tradizionalaren aldeko apustu sutsua egin dute. Horrek esan nahi du “Renaissance”-k ez duela paraboltik. Zortzi iltze soilik.

Joan den abuztuaren 19tik 23ra sortu zuen sokada horrek aipatu dugun marra. Konpromiso handiko bost eguneko lan eskerga izan zen. Helburuari ekin ziotenean zalantza ugari zituzten: «Gai izango ote gara estilo tradizionalean bide berri bat irekitzeko?». Galdera hori eskalatzaileon buruan iltzatuta zegoen. Eta, azkenean, zalantza horiek uxatu eta helburua lortu zuten. Hortaz, zalantzarik gabe, von Kanel-ek eta Schupbachek bizitako abenturak berezko lekua hartu du Eigerren. Historia egin dute irekitako 1.200 metroko zirrikituan. Konpromiso handiko jarduera izateaz gain, zailtasun tekniko gogorrak gainditu zituzten: halabeharrez 7a. Horretaz gain, badira bi zati motz 7c maila izan dezaketenak.

Aipatutako ekarpen horri Schupbachek honako hau gehitu nahi izan dio: «Azken urteotan, Eigerren makina bat proposamen berri sortu dira: horietako batzuk nik neuk errepikatu ditut. Eta onartu behar dut den-denak, kalitatezkoak izateaz gain, ederrak direla oso. Baina horiek guztiek, ‘Renaissance’-k ez bezala, paraboltak dituzte; alegia, segurtasuna bermatuta dago. Ez nago horren aurka; badakit eskaladaren ageriko eboluzioa dela. Alabaina, urte batzuk neramatzan neure buruari galdetzen ea gai izango ote nintzen estilo tradizionalarekin Eigerreko murru ospel horretan bide bat zabaltzeko. Beste era batera esanda, zulagailurik erabili gabe. Hausnarketa hau zoragarria iruditu zitzaidan».

Eskalatzaile suitzarrak aipatu du “Renaissance” errepikatzea abentura handia dela eta benetako plazera eskalada tradizionalaren alde egiten duen edonorentzat: «Oro har, arrokaren kalitatea bikaina da, oso ondo egituratuta dago eta tresneria tradizionalarekin segurtatzeko oso aproposa da. Uste dut bizpahiru egun behar direla errepikapen bat egiteko».

“Renaissance”-k Rote Fluh izeneko sekzioaren eskuineko ibilbidea hartzen du. Oinez zati bat (balizko bibaka) egin eta gero, ia zuzen horma trinkoari jarraitzen dio. Oso bertikala da, eta erori pixka bat ere badu; hain zuzen ere, “txekiarren” zutoinaren eskuinaldean. Goialdean, berriz, “Ghilini-Piola” marra hirutan zeharkatzen du. Azken bide hau, luze samurretatik, mendebaldeko ertzera heltzen da. “Renaissance”-k, berriz, beste hiru luze ditu aipatutako ertzarekin lotu aurretik.

Hori guztia aipatu eta gero, Schupbachek honako hau gehitu du: «Bidearen inguruan babestuta dauden hainbat bibak daude. Baina ohartarazi behar dut bi lagunentzako ez direla batere erosoak. Horregatik, marra hau errepikatu nahi duenari aholkatzen diot hamaka bat eraman dezala».

NORTASUN HANDIA

Arestian aipatu dugu estilo tradizionalean oinarritutako jarduera izan dela, eta horrek, jakina, badu kontuan hartu beharreko eite bat: konpromisoa. Paraboltik ez dagoenez, nortasun handiko ibilbide batean aurrera garamatza. Gai horri ere protagonistak garrantzi handia eman nahi izan dio. «Konpromisoa balio erantsi bat da; abentura handi baten aurrean jartzen gaitu. Eta uste dut errepikatzen duenak egoera berezia biziko duela. Hots, lehen igoera baten aurrean aurki daiteke. Bide batez, eskalada maila handia beharko du; izan ere, ondo irakurri beharko du ibilbide egokiena, baita aseguruak jartzeko leku onak aurkitu ere. Norberaren gaitasunak aztertzeko bide oso aproposa da. Errepikatzaileak ondo kudeatu beharko ditu kontzentrazioa eta arriskua. Ez dago besterik. Bide batez, pozarren egongo ginateke alpinista eta eskalatzaile gazteek eskalada tradizionalarekin bat egingo balute. Hots, murru txikien eta luzeen pizkundearen alde», azaldu du Schupbach eskalatzaile suitzarrak.

Estilo horretan “Renaissance” sortzeko argi eta garbi dago “haizeak” alde egon behar duela. Sortze lan horrek arrakasta izateko, zoria, zortea eta gaitasuna lotuta joan ziren: «Abuztuaren 19a egun ona iruditu zitzaigun esku artean genuen helburuari ekiteko. Eigerren iparraldeko paretak ukitu gabe duen sekzio horretan oso motibatuta sartu ginen. Iragarri ziguten hurrengo egunak onak izango zirela. Leiho on bat zen, eta ziurtatu ziguten ez zuela euririk edo elurrik egingo. Gainera, tenperatura oso atsegina izan zen. Pazientzia handiarekin jardun genuen, den-dena ematen, eta, azkenean, arrakasta lortzeko gai izan ginen. Kontuan hartu behar da murru horretan zabaldutako bideek paraboltak dituztela. Guk saihestu ditugu, eta horrekin oso pozik gaude».

Von Kanel ere adierazpen “festa” horretara gehitu da, eta adierazi du bere sokakidea izan zela marra hori ikusi eta aztertu zuena: «Oso harro nago Silvanek [Schupbach] bazkide bezala hartu ninduelako. Talde moduan lan ederra eta ona egin dugu; elkarren osagarri izan gara. Bitxikeria da, baina esan behar dut Silvanek eta biok aldarte bera dugula. Jateko kontuetan, adibidez, geure lehentasunak partekatu genituen. Besteak beste, gurina eta maionesa. Nahiz eta nire eskalada maila ona den, banekien Silvanena baino txikiagoa dela eta nire mugara laster helduko naizela. Halere, uste dut une larrietan ondo ibiltzen naizela. Nahiz eta azken asegurua oso urrun egon, lasai eskalatzen dut. Hori da nire ekarpena».

Bi eskalatzaileok urte asko daramatzate eskalada tradizionala aldarrikatzen, eta paraboltak jarri gabe kareharrian makina bat jarduera egin dituzte: «Stockhornen eta Dudenhornen eginiko lehen igoerek pizkunde horretara eraman gaituzte; biontzat etapa oso garrantzitsuak izan dira. Paraboltak dituzten bideak eskalatu ditugu. Hori oso ohikoa da, baina une honetan estilo tradizionalean oinarritzen gara. Filosofia horrek erabat harrapatu gaitu. Izaera honetako igoerek eskarmentu handia eman didate eta abentura itzelak bizitzeko aukera».

Von Kanelek dio “Renaissance” dela bere ibilbidea puntu gorenera eraman duena: «Eskalatu, arroka irakurri, tresneria ondo kokatu, arriskua orekatu… Konbinazio itzela da! Urduritasunak kontzentrazioari lekukoa ematen dio, eta une jakin horietan egoera ia hipnotiko batean murgiltzen naiz. Ez dut zalantzarik: “Renaissance” 10 izarreko bidea da. Arrokaren kalitate onak, gainera, ezuste handia eman digu. Espero dut errepikatzaileek guk bizitako esperientzia bera bizitzea».