Asier AIESTARAN
PILOTA

Iazko finala errepikatuko da gaur Nafarroa Arenan, Masterseko finalean

Iaz bezalaxe, Ezkurdia-Mariezkurrena eta Altuna-Imaz izango dira Caixabank Masterseko finaleko bikote protagonistak. Ezkurdia eta Mariezkurrena dira egungo txapeldunak eta faborito nagusiak, baina ostiraleko finalerdian asko sufritu behar izan zuten.

Lau protagonistetatik hiru -Altuna, Mariezkurrena eta Imaz-, iazko finalean.
Lau protagonistetatik hiru -Altuna, Mariezkurrena eta Imaz-, iazko finalean. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Ia urtebete beranduago -iaz urriaren 2an izan zen eta aurten urriaren 1ean-, Ezkurdia-Mariezkurrena II.a eta Altuna III.a-Imaz bikoteek berriz ere elkarren aurka jokatuko dute gaur (18.00, Etb1) Caixabank Masterseko finala Nafarroa Arenako pilotalekuan. Iaz garaipena Joseba Ezkurdia eta Jon Mariezkurrenarentzat izan zen (22-15), batez ere atzelariaren kasuan, egindako uda bikaina borobilduz.

Aurten ere faborito moduan irtengo dira bi nafarrak. Zerbaitegatik pausatu ziren jada begirada guztiak beraiengan lehiaketa aurkeztu zen egunean, eta ligaxka ere lehen postuan amaitu zuten pronostikoak betez. Hori bai, ostiral gaueko finalerdian gogotik sufritu zuten markagailuan 0-7 aurreratu ziren Jaka eta Martija menderatzeko (22-20).

«Partida oso gogorra izan da. Esango nuke pilotak nahiko baxuak zirela. Hasieratik oso pilota gutxi zegoen. Sufritu egin behar izan dugu. Haien errentari buelta ematea lortu dugu eta irabazita pozik», adierazi zuen Berriozarreko atzelariak 724 pilotakada eta ia 77 minutuko iraupena izan zuen norgehiagoka borrokatua amaitu berritan.

Mariezkurrenak neurketa bikaina jokatu zuen hasi eta buka, pilota asko atzeratuz eta huts askorik egin gabe. Ezkurdia, aldiz, tantoa amaitzeko inspirazio handirik gabe ibili zen -jokoan egindako bere lehen tantoa 8-9an iritsi zen-, baina Erik Jaka arriskutsu batek bidean ipinitako tranpetatik ihes egiteko gai izan zen, bere esperientzia baliatuz.

ALTUNA-IMAZ, SENDO

Bigarren finalerdia ez zen horren gogorra izan, nahiz eta azken emaitza kontuan izanda, 22-13, kontuan hartzekoak diren jotako 585 pilotakadak. Partidaren lehen herena oso parekatua izan zen, batez ere Beñat Rezustak maila bikaina eman zuelako, baina atzelari bergararrak apur bat behera egitea nahikoa izan zen aurreko koadroetan Jokin Altunak bere nagusitasuna erakusteko. Gorriek markagailuan zuloa ireki zutenean urdinek etsi egin zuten.

«Batzuetan besteetan baino hobeto jokatuta, beti bezala, baina uda bukaera honetara ongi iritsi naiz. Baneukan gogoa gaur jokatzeko. Sanmateoetan nahiko nekatuta ibili naiz, txispa gutxirekin, baina gaur beste sentsazio batzuk izan ditut. Anderrek ere partida handia egin du eta oso pozik», onartu zuen jokoan egindako 13 tanto sinatu zituen Jokin Altuna amezketarrak.

Hori bai, gaurko finalera begira ardi larrua jantzi nahi izan zuen, faborito izatearen zama aurkarien bizkar gainean pilatuz. «Aurten ere zaila izango da. Bikote hau oso indartsua da. Iaz irabazi eta aurten berriz batera jartzea bikote bat oso faborito jartzea da, baina gu gure lanarekin oso pozik gaude. Berriz hemen, finalean, 3.000 lagunen aurrean... Pilotariak horrelako egunetan egon nahi izaten du. Horren txapelketa luze eta gogorraren ondoren finalean egon nahi genuen eta orain aukera baliatzen saiatuko gara».

UDAKO IZEN NAGUSIAK

Ander Imazen baimenarekin, gaurko finalean udako hiru izen nagusiak ikusteko aukera izango da. Jokin Altunak sanferminetako bi torneoak irabaziz ekin zion udari, kaiolakoa eta binakakoa, Gasteiz eta Donostiako finaletan ere sartu zen; Ezkurdiak Bilboko eta San Mateoko torneoak irabazi ditu; eta Mariezkurrenak Donostiakoa irabazi zuen, San Fermin eta Bilbon ere finalista izanda. Hori bai, Rezustak ere bi torneo irabazi ditu aurten.



Danel Elezkano, Lau eta Erdikoan aurten ere

Danel Elezkano Lau eta Erdiko Txapelketan izango da aurten ere, Tolosan jokatu behar izan zuen kanporaketa aurrekoan Dario Gomez 22-15 menderatu ostean. Zaratamoko aurrelaria 5-12 galtzen joan zen, baina garaiz esnatu eta partida erabat irauli zuen. Datorren ostiralean hasiko den txapelketa asteartean aurkeztuko dute.

Ez zen gustuko neurketa atzokoa ez Elezkanorentzat ez Dariorentzat. Biak final-laurdenetako ligaxkan sartu ziren iaz baina, hala ere, kanporaketa aurreko bat jokatzera behartuta ikusi dute beren burua aurten. Horregatik, ezinegon hori ongien nork kudeatzen zuen ikustea garrantzitsua zen.

Lehen kolpea Dariok jo zuen mahai gainean. Txapa urdin erori zen zozketan eta lehen sakea aldeko zuela, errioxarra oso indartsu sartu zen norgehiagokan. Sakearekin min eginez -aurreneko tantoa sakez egin zuen eta bere lehen 10 tantoetatik 4 sakez izan ziren-, Elezkano urduri bat lekuz kanpo ibili zuen une oro.

Baina Ekhi Ziarrusta botileroaren lan psikologikoak lortu zuen Zaratamokoa apur bat lasaitu eta bere jokoa egiten hastea. Eta orduan Dario izan zen burua hotz mantentzeko zailtasunak izan zituena. Elezkano, sake-errematearekin sekulako mina eraginez, 22-15 nagusitu zen.

Bestetik, Agirre eta Zubizarretaren arteko kanporaketa aurrekoa ezin izan zen Itziarren jokatu hezetasunaren ondorioz, eta gaur jokatuko da Etxarriko pilotalekuan. A.A.