GARA
ATLETISMOA

Abdehrramahne Aferdi eta Irene Pelayo nagusi, Donostiako II. Maratoi Erdian

Bakarrik helmugaratu ziren irabazle biak, azken kilometroetan aurkari guztiak atzean uztea erdietsi eta gero. Ez zuten markarik urratu, ordea.

Aferdi, Benabbou eta Blanco, gizonezkoen podiuma helmugan.
Aferdi, Benabbou eta Blanco, gizonezkoen podiuma helmugan. (Gorka RUBIO | FOKU)

Donostian atzo eguerdi aurrean sekulako beroa eta hezetasuna izan zen, baina horrek ez zituen II. Maratoi Erdian 42 herrialdetatik etorri ziren 2.200 korrikalariak kikildu. Azkenean, Abderrahmane Aferdi marokoarra (1ord 02:56) eta Kantabriako Irene Pelayo (1ord 14:21) nagusitu ziren. Ez zuten iazko markarik hautsi.

Gizonezkoen lasterketa emakumeena baino estuago joan zen. Izan ere, Houssame Benabbou, Marokon jaio baina Extremaduran bizi den egungo 50 kilometroetako Europako txapeldunak aurreneko kilometroetan erritmoa markatu zuen. Bosgarren kilometrora iristerako, Benabbou eta Aferdi biak elkarrekin bakarrik geratu ziren aurrean, eta 21 kilometro pasatxoen azken laurdenera arte elkarrekin egin zuten lasterketa.

Une txarra pasatu omen zuen Aferdik hamabosgarren kilometro inguruan. «‘Bareak’ heldu dit eta momentu txarra pasatu dut. Hala ere, ikusleen berotasunari esker aurrera jo ahal izan dut», aitortu zuen lasterketako irabazleak.

Irene Pelayok ez zuen parekorik izan emakumeen kategorian. Elena Loyo arabarrak, iazko irabazleak, hauxe izan zuen bere aurreneko proba urtebeteren ostean, eta hasierako kilometroetan Loyok berak ezarri zuen erritmoa. Loyok lasterketa utzita, Pelayok ez zuen aurkaririk izan.

FIZ BIKAIN CARDIFFEN

Bestalde, Martin Fiz gasteiztarrak Cardiffeko maratoi erdiko lasterketa irabazi zuen atzo 60 urtez gorakoen mailan. Hala, maratoi erdien zirkuitua osatzen duten bost «SuperHalf» direlakoetatik hirugarren proba irabaztea erdietsi zuen. Aurrez Kopenhage eta Lisboan lorturiko garaipenei Cardiffekoa gehitu zion, eta datorren urterako geratu zaizkio Valentzia eta Pragako maratoi erdiak.

«Ondo aurkitu naiz eta, hezetasun handia egon baldin bada ere, ordubete eta 14:45ean amaitzea lortu dut», adierazi zuen Fizek.