NEREA LAUZIRIKA
BILBO

Artisten estudioen ateak zabalik, Bilboko Alondegian

Bilboko Alondegian urtean zehar lanean ari diren diziplina ezberdinetako artistek haien estudioetako ateak ireki dizkiote jendeari, «AZzabalik» sorkuntza artistikoaren inguruko topaketan. Irakurketa performatiboak, bisita gidatuak, topaketak eta dantza ikuskizunak izan dira, urte osoan egiten dutenaren erakusle. Jardunaldiarekin batera, hasiera eman diote Bilboko zentro honetako urte osoko programazio oparoari.

Topaketan parte hartu zuten artistak eta antolatzaileak.
Topaketan parte hartu zuten artistak eta antolatzaileak. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Proiektuak garatzeko egindako lana ez ezik, sorkuntza prozesua bera ere erakutsi dute aste honetan Bilboko Alondegian lanean ari diren artistek haren berri izateko interesa zutenei, “AZzabalik” sorkuntza artistikoaren inguruan egindako topaketan.

Aurkezpenean zentroko zuzendaria den Fernando Perezek azaldu zuenez, “AZzabalik” «urtean zehar Azkuna Zentroko hormen atzean gertatzen den guztiaren» erakusketa da, ekoizpen eta erakusketa artistiko garaikidean oinarritutako programazioarekin.

Horrela, normalean inoren begien bistatik at egiten den lana jendarteari zabaldu zioten diziplina ezberdinetan ari diren artistek.

Alondegiak askotariko artistei haien lana burutzeko espazioa eta denbora eskaintzen dizkie urtean zehar, egonaldi artistikoen bidez.

Ondoren, emaitza Alondegian bertan erakusten dute, eta sortze prozesuaren berri ere ematen dute “AZzabalik” topaketaren bidez, proiektu berriak sortzerako orduan laguntzera bideratuta dagoena.

Ate irekien jardunaldian hogei ekintza baino gehiago antolatu zituzten Alondegi osoan: Atrioan, Terrazarain, Kubo Baltzean, DendAZen eta baita Erakusketa Aretoan ere.

Irakurketa performatiboak, bisita gidatuak, topaketak eta dantza ikuskizunak izan ziren, beste hainbat ekimenen artean, «reentré» honetan, urte osoan zehar Zentroaren barruan gertatzen den guztia erakusteko.

Honakoak dira Alondegian “Babestu” programan egoiliar moduan lanean ibili diren eta hasi berri diren artistak, euren proiektuen sormen prozesuen berri eman dutenak, hain zuzen ere: Julia Martos, Maia Villot, Estanis Comella, Oihana Vicente eta Pablo Marte.

Badaude haien lanen azken fasean dauden artistak ere, Elena Aitzkoa, Mikel A. Garcia eta Ion Munduate, eta Ikertzaile AZ Kideak diren Isabel de Naveran eta Aimar Arriola. Denek ireki zituzten haien estudioetako ateak, egiten ari direnaren berri emateko.

Martosek “Un vestido claro clarisimo” proiektua aurkeztu zuen. Pelikula baterako gidoia prestatu du, ezagutu ez zuen amamaren etxean aurkitutako artxibategi batetik abiatuta. Han eskutitzak eta eguneroko bat topatu zituen, eta arreta eman zion plazan aurkitzen zituen emakumeen deskribapen «nahiko obsesiboak» egiten zituela. Pelikula egin gabe dagoenez, gidoiaren irakurketa egin zuen artistak.

Villotek performancea prestatu zuen egonaldian, “AMA -preludio-” izenekoa. Haren bidez dominatrixaren figurara hurbilketa egin zuen, zenbait irudi dituen keinu bati eutsiz.

Cornellaren proposamena “SXT (Source by Transkription)” izan zen, produkzio musikala eta eskuzko serigrafia bateratzen dituena, horrela sistema narratibo bat eraikitzeko.

Vicentek nerabeekin lan egin du bere proiektuan. “REEL CINEMA_ filming movies randomly” deitu dio. Gaztetxoekin egindako tailerra da, «kopiatu, itsatsi eta beste pauso bat eman» metodologia jarraituz, azaldu zuenez. Eta ikus-entzunezko pieza batzuk izan dira emaitza.

Haren bidez, Vicentek nerabeei ulertarazi nahi izan die sortzen dituzten piezek, baliabide gutxirekin egindakoak badira ere, badutela balio artistikoa.

Martek “Deseo Real. Violencia Fantástica” proposamenean, indarkeria eta edertasuna uztartu ditu: «Bataren eraikuntzan dago bestea», azaldu zuen. Hamabost minutuko filma izan da emaitza, Amsterdamen grabatua.

Aitzkoak landu dituen eskulturak, “Ur Aitzak” proiektukoak, aurkeztu zituen. Hain zuzen ere, “Cisne” eskulturan lanean ibili da orain arte, proiektuko bosgarren obra dena.

Garciak “Comclapompos. Usar el flujo como un cauce” proiektua garatu eta aurkeztu zuen. Ingurunearen sinergiak biltzen dituen konposizio musikala da proposamena, eta egituraren aukera ugarietan sakontzen duena.

Munduatek, Blanca Calvorekin batera, lan prozesuei buruzko ikerketa bat du abian, eta horren berri eman zuen ostegunean. Hiru ardatzez osatuta dago lana, lotura bidezko engranaje baten pieza modura funtzionatzen dutenak: maitasuna ekoizpen gisa, haizeen arrosa eta konstelazio esekia.

De Naveranek “Uhina gogoan” proiektua azaldu zuen, honako galderaren inguruan eraikitzen dena: Zer gertatuko litzateke idazkera egitearen erdigunean jarriko bagenu?

Sortutako podcastak AZ Irratian entzungai daude eta, horrez gain, aditzera eman zuen une honetan egiten ari den liburua datorren urteko urtarrilean argitaratuko dela. Azaldu zuen ez dela guztiz eroso sentitzen 2021ean hasitako lanari «proiektu» deituta, eta nahiago duela «ikerketa gune» izenaz erreferentzia egin.

Arriolak ere eman zuen egindako lanaren berri: “Un deseo de forma”. Testu sorta bat da, kolaborazio desberdinekin egina, queer unibertsoari buruzkoa.

Pdf formatuan argitaratu dituzte, sarean, eta doan eskuragarri daude irakurri nahi dituenarentzat.

BEHATOKIA

Gainerako artistek egin bezala, Urbanbat AZko kolektibo egoiliarrak bere azken “Behatokia” aurkeztu zuen Atrioan. Kooperatiba gisa arkitektura egiten dute, baita partaidetza urbanismoa ere.

«Situation room» bat eraiki nahi izan dutela azaldu zuten ostegunean. Horretarako, aulkiak zirkuluan jarri dituzte eta hainbat panel inguruan, denak euskaraz.

Paneletan, sei egoera desberdin islatzen dira, testuinguru jakin batean.

“Behatokia” izena badauka ere, behatu ez ezik parte hartzeko aukera ere badute bertaratzen direnek, gometsen bidez paneletan iritzia emanez.

Halaber, eszenAZ-en hasiera ere izan zen ostegunean, Azkuna Zentroaren Arte Eszenikoen Denboraldiarena, alegia, Atrioan egin zuten dantza-saio bikoitz batekin: “Bueltaxka” Osa+Mujika bikote artistikoaren eskutik, eta Fugas Matxalen Bilbao koreografoaren eskutik.

Gainera, Errumaniako National Theatre Martin Sorescuk “Reconstituirea” lana aurkeztu zuen, AZn egonaldi batean garatzen ari den ikuspegi teknologikoko produkzio eszeniko prototipatua: ACuTe.Culture Testbeds for Performing Arts and New Technology proiektu europarraren barruan.

Azaldu zuten arteak eta teknologiak elkarri eragiteko duten modua aztertzen ari direla.

Prototipo bat eraiki dute, errealitate birtualeko betaurreko batzuk erabiliz.

Antiojoak erabiltzen ari den pertsonaren aldamenean kokatutako telebista zahar baten bidez ikusi daiteke bera ikusten ari dena eta, horrela, esperientzia bizitzeko bi modu daude.

Era berean, adierazi zuten kontzientzia pizteko antzerkia egiten saiatzen direla: «Kako bat utopikoentzat».

AZzabalik ekimenean Bene Bergardok eta Alan Carrascok ere parte hartu zuten. Bergadok “Urritu” erakusketaren bisita gidatua eskaini zuen, Juan Luis Moraza komisarioarekin batera.

Biek ibilbide bat egin zuten erakusketan zehar, eta eskultoreak Erakusketa Aretoaren proiektua osatzen duten piezak eta instalazioak sortzeko duen sormen prozesua zehaztu zituzten.

Besteak beste, bere ibilbidean egindako dozenaka lan jasotzen dituen hogei metroko apalategi bat ikusgai dago erakusketan.

Carrascok, bestalde, Pier Paolo Pasolini zinemagilearen jaiotzaren mendeurrena ospatzeko “100+1” instalazioa aurkeztu zuen Mediateka Galerian, “Le due differenti fasi della tensione” piezarekin. Artista bisuala eta ikertzailea da, eta 2021ean Erromako Espainiako Akademian bizi zela ekoitzi zuen pieza

Artisten lanez gain, Azkuna Zentroko DendAZ dendak, diseinuaren erreferentziazko guneak, komunitate hori osatzen duten diseinatzaileen tokiko produkzioko, artisau produkzioko eta ekoizpen iraunkorreko produktuak eta diseinuak erakutsi zituen Azkuna Zentroan.