Haritz LARRAÑAGA
ITSASOA

Azken hogei urteetan aurrerapen handienak nesken mailan izan dira

Mutilek ez dute berrikuntza tekniko nabarmenik erantsi, baina neskek lehen pentsaezinak ziren ariketak egiten dituzte gaur egun. Horrez gain, olatu handi eta arriskutsuetan lehiatzen hasi dira, eta alde horretan urrats gehiago egingo dituztela susma daiteke.

Anette Gonzalez Etxabarri zumaiarra, 2023ko Europako Junior txapelduna.
Anette Gonzalez Etxabarri zumaiarra, 2023ko Europako Junior txapelduna. (WORLDSURFLEAGUE.COM)

 

Surf munduan azken urteetan gertatu den aldaketa nagusiena zein arlotan izan den aditzera eman beharko bagenu, zalantzarik gabe nesken maila nabarmendu beharko genuke. Egia da olatu handietan muga guztiak gainditu direla, baina txaleko bereziak eta material egokitua edonoren esku jarri zenetik ia edonork har ditzake olatu handiak, eta, horrenbestez, lorpenek merezimendua galdu dute. Gainera, olatu handietan izandako muga hauste guztietan neskek parte hartu dute, Pe’ahi edo Nazareko olatu erraldoietan kasu.

Surf egiteko moduan ere ez da aldaketa nabarmenik izan azken 20 urteetan mutilen kategorian. Aireko posible guztiak egin zirenetik ez da ezer berririk erantsi. Soilik jada egiten ziren ariketak egiteko moduan sakondu dute goi mailako surflari gutxi batzuek. Horretarako gaitasuna erakutsi duten surflariak ere oso gutxi izan dira; hortaz, irudimen apur bat erakusten duenari jarraitzen diote gainerakoek. Adibidez, John John Florencek olatuaren gainaldetik beheraino taularen ertzak sartuta egiten duen bira «klasikoa» ez du asmatu, egin duen gauza bakarra ohiko bira ahalik gehien luzatzea izan da, baina bere arerio guztiak bira berbera ikastera behartu ditu, beste inork ez baitu bestelako berrikuntzarik eskaini.

Duela 20 urteko munduko txapelketa batean mutilek egiten zuten surfa egungoarekin alderatuz gero, aurrerapen handirik ez dela izan ohartuko gara. Aitzitik, nesken mailan konparazio bera egiten badugu, diferentzia nabarmena da, itzelezko aldaketa gertatu da, zeren duela 20 urte nesken mailan ezinezkoak ziruditen ariketak ikus baitaitezke egun, eta olatu zail eta indartsuetan ere sekulako aurrerapena izan da. Esaterako, Pipeline edo Teahupoo bezalako olatuetan surf egiteko gai direla frogatu behar izan dute, eta ziur aski alderdi horretan egingo dira urrats esanguratsuenak datozen urteetan.

Bestalde, nesken mailan eman den aurrerakuntzak badu osagai zinez interesgarri bat: maila hobetzea ez da soilik goi mailan gertatu, maila hobetzea orokorra izan da. Hau da, mundu mailan nesken maila orokorra igo egin da eta Euskal Herrian aurrerapena oso nabarmena da. Duela hogei urte baino neska gehiago dira egun surf egiten dutenak, eta edozein hondartzetan neskek izan dezaketen maila ere igo dela baiezta daiteke. Aitzitik, mutilen kasuan ez da gauza bera gertatu, ez gurean behintzat. Gogoratu besterik ez dago duela 20 urte bertako txapelketetan izaten zen mutil eta neska kopurua.

Dirudienez mutilen kopuruak ez du gora egin, alderantziz, badirudi behera egin duela, eta, aldiz, nesken presentzia nabarmen hazi da. Arrazoi bat izan daiteke lehen adin batetik aurrera neskek surf egiteari uzten ziotela, baina egun edozein adinetako emakumeak ikusten dira urautsietan, eta sarri taldean itsasoratzen dira.

Europan eta munduan europan lehiatzen diren euskal surflarien emaitzei erreparatuz gero, ikus daiteke mutilen kategorian emaitza orokorrak eskasagoak direla; bizpahiru surflari bakarrik gai izan dira apur bat nabarmentzeko. nesken kategorian, ordea, lehen postuetan dira.

Europako mutilen QS rankingean lehen hamar postuetan ia ez da euskal herritarrik. Lehen postuan den Tiago Carrique Costa Ricako surflaria Biarritzen bizi dela dio WSLko fitxak, eta 8. postuan den Joan Duru Baionan jaio zen, baina egiaz Euskal Herrian hazi eta bizi den lehiakide bakarra Kai Odriozola donostiarra da eta 9. postuan dago. Aldiz, nesken rankingean lehenengo hamar postuetan hiruzpalau lehiakide daude: Janire Gonzalez Etxabarri zumaiarra bigarren postuan, Nadia Erostarbe zarauztarra 5. postuan eta Ariane Ochoa bilbotarra 9. postuan. Horiez gain, Reunion uhartean jaio baina Biarritzen bizi den Hina-Maria Conradi lehiakidea dago, 8. postuan.

Jada amaitu den Europako Junior rankingari begiratzen badiogu, lehen bi postuetan Gonzalez Etxabarri ahizpak geratu ziren, Annette aurren eta Janire bigarren. Haien atzetik, 4. postuan Sarah Leiceaga urruñarra geratu zen. Mutilen kategorian Nicolas Paulet biarriztarra 3. postuan geratu zen, baina bere atzetik ez da beste euskal surflaririk, 11. postuan geratu zen Iker Trigueros bilbotarra arte.

Mundu mailan, WSL titulua Caroline Marks estatubatuarrak irabazi du eta bere garaipenarekin azken hamabost urteetako irabazleen joera hautsi du. 2007. urtetik munduko txapela irabazi zuten surflariak hiru izan dira: Stephanie Gilmore (2007, 2008, 2009, 2010, 2012, 2014, 2018 eta 2022), Carissa Moore (2011, 2013, 2015, 2019 eta 2021) eta Tyler Wright (2016, 2017).

Aurten belaunaldi aldaketa gertatu da lehen mailan. Esate baterako, irabazleak 21 urte besterik ez ditu, eta laugarren postuan geratu zen Caitlin Simmers estatubatuarrak 17 urte besterik ez. Hori da belaunaldi berrien beste ezaugarrietako bat, olatu arriskutsuetarako prestaturik datoz. Stephanie Gilmore (35 urte), Carissa Moore (31) edo Tyler Wright (29) lehen mailan hasi zirenean Pipeline edo Teahupoo bezalako urautsietan neskak ez ziren lehiatzen. Pipeline 2020an atxiki zuten nesken zirkuitura, eta Teahupoo bi urte geroago.