Jon GARMENDIA
Idazlea

Estrabonena

Ilargi berria badatorrela erran dizut, alta, argiak diz-diz, ataria ederki prestatu diola Samiel eguneko ilargi beteak, irratian «Superlune» gisa aditu dudanak. Adjektibo superlatiboen mendean bizi garela ahanzten dut batzuetan. Nik ere «supergaizki» lo egin dudala erran dut halere, itsasoko mareen ura mugitzen duenak nire barneko ura mugitzeko ahalmena duelako, agidanean. Ilbehera 6an eta 14an ilargi berria, horrekin datorrela urria, sagardoa egiteko aproposa betiere. Nola dakidan galdetu didazu, eta sagardoarekin lotu zait pentsamendua, uneotan gure herrian ariko direla sagar zukuak hartzitzen, sagardo berria goza dezagun hilabete guti barru. Halakoetan txuleta usaina heldu zait memoriara, eta esku ahurrak intxaurrak krask-krask egiten gaztaina zurezko mahaien kontra, haurrak dena gordetzen baitu buruan, oroitzapen iturritik fresko isurtzeko zahartutakoan. Eta ene haur memoria sagardotegi zahar eta misteriotsu bat da; har eta uler ezazu nahi duzun adieratik. Baina ilargiaz ari zinen zu, nola dakidan noiz den bete eta noiz berri. Sinplea dela erantzun dizut, poltsan gordetzen dudala aitaren nekazari sindikatuko egutegi klasikoa, eta hari begiratzen diodala hilero, teknologikoagoa nahi izanez gero NAIZ-ek baduela eguraldia sailean fin-fin ari dena. Interesekoari denbora pixka bat eskaintzea baino ez da. Horregatik kontatu dizut Estrabonena, geografo greziarrak baskoien sagar phitarra aipatua zuelako, handiago diren beste herrialdeak ez ordea, Espainia edo Frantzia, eta ilargia hor zen, gu bezala. Gero ere, gauza bera izango da, agian.