Eneko BARBERENA
Idazlea
JOPUNTUA

Horvath

Paris, 1938. urtea. Ödön von Horvath idazle hungariarra dugu protagonista. Gizonak, ihesean bere herrialdea utzi aurretik, kiromante bat bisitatu zuen eta honek iragarri zion bere bizitzako abenturarik handiena bizitzear zela. Horvath kezkatu egin zen. Idazlea, zeina naziek batere gogoko ez zuten, bizizale bezain superstiziosoa omen. Garai hartan, halaber, bazirudien azkenik zortea aldeko zuela. Batetik, aldamenean zuen Wera Liessem, aktore zinez ederra. Bestetik, bere obra batekin pelikula bat egiteko eskubideen negoziazioa primeran zihoan. Bilera hauetako baten ostean, ekainaren 1a zen eta bero handia egiten zuen, oinez itzuli zen hotelera. Erraza da hura atorra zuriarekin paseoan irudikatzea Eliseo Zelaietan, goiko botoiak solte, mahukak batuta, kopeta distiratsu. Kolpean, trumoi bakarra entzun zen eta tximista bakarti bat ikusi, baina nahikoa izan zen horrek zuhaitz adar bat jo eta erauzteko. Zuhaizpean zegoen Horvath zerraldo geratu zen.

Klauss Mannen arabera, urte batzuk lehenago idazle hungariarrak honakoa esan zuen: «Ez diet beldurrik naziei, gauza okerragoak badira-eta, beldurra diegunak, jakin gabe zergatik; esaterako, niri, kaleek beldurra ematen didate, min eman baitiezazuekete, suntsi baitzaitzakete».

Duela hiru astetik hona mesanotxea okupatzen dit Scaraffiaren Parisi buruzko obrak. Hangoa da pasartea. Lotaratu aurretik Horvathek arrazoi ote zuen edo ez pentsatzen dut, ea benetan beldur ezkutuak diren okerrenak. Okerrenak eta xelebreenak, pairatzen dudan harpidedunaren sindromea bezalakoak, zeinagatik apuntatzen naizen kuota truke dagozkidan zozketa orotara, maiz benetan horretarako beharrik eduki gabe. Hala, esan izan balit idazten dudan egunkari honek Zinemaldirako bi sarrera irabazi nituela kontzientzia arazo bat edukiko nuke, uste dudalako zinema jaialdiak puztu duen pseudo-glamourrarekin onberegiak garela, horrek zinemari onik egiten ez diola eta laguntzen duela Gipuzkoako hiriburuko kaleak arriskutsuago egiten han egoteko nahikoa diru ez dutenentzat, bizitza gainera erortzen zaienentzat.