Joxemari CARRERE
Ipuin kontalaria

Bidasoa

Lempa ibaia Guatemalan sortzen da, Hondurasko lurretatik igaro ondoren El Salvador zeharkatzen du, Pazifiko Ozeanoan isuri arte. Gizakiaren garaiaren aurretik Lempa ibaiak hasi zuen bere bidaia, sumendi, oihan eta zelai artetik. Humanoen etorrerak Lempa ibaia izango du testigu, mundua ulertzeko jainkoak asmatu zituzten. Zenbat istorio ez ote ditu gordetzen orain artsenikoarekin kutsatuta dagoen ibaiak. El Salvadorko Ricardo Lindo idazleak “Lo que dice el rio Lempa” argitaratu zuen 1990ean. Ibaia testigu, El Salvadorko historia kontatuko digu ipuin bidez. Mitologiatik historia garaikidera, uretan blaitzen diren kondairak irudimenezko bidaian laguntzen digute. «Gu ez gara joango. Nola egingo dugu gure oroimena gal ez dadin? Gu ez gara joango, denborak eraman beharko gaitu, denboraren haize handiak. Urrutitik heldu gara errari. Oreina eta tigrea ehizatzen ditugu, jan dezagun; ibaietan arrantza ere egiten dugu; zuhaitzetik zapotea eta nance mozten ditugu».

Donostiako Zinemaldian Talka ekoiztetxeak, Fermin Muguruza zuzendari, ‘‘Bidasoa’’ dokumentala aurkeztu du. Bidasoak ere badu zer kontatua, bere ur bazterretan hazi dira hamaika kondaira. Zenbat istorio, ordea, galdu dira bere ur hotz eta bihurrietan? Nola egin horien oroimena gal ez dadin? Muguruzak istorio horien urrutiko ahotsak ekarri dizkigu, ur nahasietan gal ez daitezen. Ibaiak ez du hiltzen, arrazakeriak baizik, dio egileak. Lempa eta Bidasoaren urak ez ote dira berdinak?