Jose IGNAZIO ANSORENA
KOLABORAZIOA

«Se marcha Colorín»

Donostiako Udalean hogei urtez PSEko zinegotzi izan zen Alberto Rodriguez adiskidea. Hileta elizkizunean txistu soinuaz lagundu ahal izan nuen haren agurra. Benetako ohorea. Apaizak, sermoi laburrean, eskerrak eman zizkion Albertori, besteak beste, sozialista izan zelako eta ez «sozialisto».

Horixe gogorarazi zidan, kontrara, Felipe Gonzalez eta Alfonso Guerrak Madrilgo Ateneoan eskainitako azken funtzioak. Biak hain juntu, baina elkarren begi-ninietan soa pausatu ezinda ikusirik, Enkarni Genuak eta Manolo Gomezek euskal txotxongiloa asmatu aurreko garaietara eraman ninduten. “Colorín” antzerkiaren panpinetara. Adiós, adiós, que se marcha Colorín, adiós, adiós, pero pronto volverá. Estacazos a la bruja, Colorín es el que empuja, estacazos al ladrón, Colorín es campeón. Alegia, Pelipe Colorin zen eta laguntzaile Alpontso. Haien irudimenean, sorgina Pedrito moñoñoa, noski.

Gazteek ez dakite zer zen hura. Alderdi Ederren kokatzen zen panpintxoen agertoki txikia, aulkiak eta inguruak haurrez lepo, denak irrikitan ikusteko Colorinek nola garaitzen zuen lapur ergela, sorgin mozoloa edo harro txotxoloa. Han ez zegoen ñabardura filosofikorik edo garapen psikologikorik: txintxoak eta gaiztoak nor ziren hasieratik zehaztuta zegoen eta horrela jarraitzen zuten amaiera arte. Oraindik ere batzuk egunerokoan eta politikan horrela bizi dira.

Haurtzaroko oroitzapen gozoak ditut Colorinekin, baina egun haren funtzioak ez lirateke onartuko. Beste mundu bat zen, Gonzalez eta Guerrarena bezalakoa. Memoria Historikoaren Legea jasotzen ari den astinduak eraginda nonbait, memoria txarra dute (NATO, GAL, Filesa, Juan Guerraren eskupekoak…). Beste askok ez, ordea. Eta iruditzen zaigu isilik hobeto daudela. Hezkuntza kontua da. Aparrean hezi eta itzalean ez dira ongi moldatzen.

Ez da harrigarria, hezkuntza arazo handia delako gure jendartean. Horregatik ari dira euskal politikariak Hezkuntza Lege berria adostu nahi eta ezinez. Proposatuko nieke negoziazioa izenarekin hastea: Irakaskuntza Legea izatea. Azken batean eskoletan irakaskuntza eskaini behar da. Horrek berarekin eta neurri batean hezkuntza dakar, baina guraso eta lagunekiko harremanek ere badakarte, kalean jendeen arteko jardunak ere bai, eta horrenbeste olgetan aritzeak… Eta ez zaizkie legeak jartzen. Zoritxarrez.

Egun irakasleen artean inkesta eginez gero, ziur aski, gehienak nirekin bat etorriko lirateke: Hezkuntza Legea gurasoek behar dute, batez ere. Zenbatetan ez dira ba ausartzen gurasoak seme-alaba ikaslea defendatzeko irakasleari gezurrak esaten. Edo muturra sartzen eskolak nola eman behar diren edo azterketak nola epaitu. Edo banandutako bikote bateko kideek elkarri hitz egiten ez diotelarik, irakasleak bakoitzarekin bere aldetik elkartzera behartu eta irizpide eta datu kontrajarriak eman. Gurasoek guraso eginkizuna bete dezatela eta utz diezaiegun irakasleei berena egiten. Bakean ahal dela.

Egia da: mundua konplexua da, pertsonak ere bai eta konplexutasun horretan bizitzen ikasi eta irakatsi behar dugu. Lantegi zaila. Arlo guztietan, hala ere, mugak eta iritzi argitasuna garrantzitsuak dira. Eta hizkuntza zintzotasunez erabiltzea ere bai. Ez dago onartzerik Espainiako eskuinak gero eta gehiago erabiltzen duen hizketa prebelikoa. 1936ko gerra giroa prestatzen ere horrela hasi baitzen kontua. Gezurra gidari eta propaganda anestesikoarekin, lehenago edo geroago, amildegira joaten ohi gara: Padre Pacori galdetu bestela. Colorin laguna ere lotsagorritu egingo litzateke. Baina argi esan zuen Aleksandr Puxkinek: Guretzat balio handiagoa du hunkitzen gaituen gezur batek, mila egiak baino.

Benetako hezkuntza sozialarekin hasteko proposamena: alegiak irakurtzen has gaitezela, denok, gurasoak, seme-alabak, baita eskoletako atezainak ere. Hainbeste idazle handik idatzi dituzte: Esopok, La Fontainek… eta Tolosako alkate euskaldun Felix Samaniegok. Mendeetako jakituria biltzen ohi dute. Esaterako, Feijook azeria eta mahatsena irakurri izan balu (berdeak daude eta!), ez zatekeen hain barregarri geratuko Espainia bera presidente izateko berdea dagoela aldarrikatzen. Eta, bide batez, “Erreka Mari” txotxongilo saioari bistadizoa eman izan balio, agian ingurugiroarekiko beste politika batzuk sustatuko lituzke bere alderdian.

Eskerrak Zinemaldia dugun eta poztasun apurra ekarri digun. Gutxi etorriko zirela iragarri arren, izarrak ez dira falta izan: Pako Sagarzazu benetako izarra hortxe izan da Zinemira saria jasotzen. Paco, Paco, Paco, mi Paco.