MAIDER IANTZI GOIENETXE

Haur baten ahotsetik kontatu du Ane Labakak lehen nobela

Eszena batetik hasten da «Barraskiloek baino bat gehiago», gurasoek alabari banandu eginen direla erraten dioten unetik. Album ilustratu izan behar zuena nobela bihurtu da bi urteko bidean: idazlearen deskribapenak nahikoa dira Sararen barne mundua ikusteko.

Ane Labaka Mayoz, bere aurreneko nobela eskuetan, Donostian.
Ane Labaka Mayoz, bere aurreneko nobela eskuetan, Donostian. (Jon URBE | FOKU)

«Iluntze batean, afalostean zerbait kontatu behar zidatela esan zidaten aurpegi serioarekin, inoiz inori begiztatu diodan aurpegirik serioenarekin. Urduritzen naizenetan hozka egiten diet azazkalei. Gau hartan ez nuen beste ezer afaldu.

- Entzun, maitea, aitatxo eta amatxo banandu egingo gara.

Negar egin nuen. Isilka. Begien atzealdea urmaeltzen zitzaidala sentitu nuen eta, segundo gutxiren buruan, hiru malko lodi jausi zitzaizkidan plateraren gainera:

Plof. Plof.

Eta plof».

Eszena horretatik abiatzen da “Barraskiloek baino bat gehiago”, Ane Labaka Mayozen aurreneko nobela. Uxue Razkin Ereineko editoreari album ilustratu gisa eman zion duela bi urte, eta elkarrekin egin duten bide gozagarri honetan nobela bihurtu da.

Editoreari ahotsa interesatu zitzaion, zergatik hautatu zuen 10 urteko neskato baten ikuspuntua: «Oso zaila da». Umeak ez ditugu entzuten eta idazleak lehen pertsonan kontatzea lortu du gurasoen banaketan alabak deskubrituko duena, samur eta zehatz. Bere estilo indartsua mantenduz egin du, ahotsa jan gabe.

Egileak azaldu zuenez, eraiki duen munduan nahita hautatu ditu etxeko lanei emanda bizi diren aitak, ama sortzaileak, aitona maitekorrak eta senideen erdiak ozeanoaren bestaldean dituztenak. Itzuri egiten saiatu da pedagogiko izateari ere, gainetik gozamena, plazera eta jolasa jarriz.

Maitasuna definituz hasi zuen aurkezpena, eta babesa dela baieztatuz bukatu, lagun izan dituenak eskertuz. «Ama izan nahi ote nuen erabakitzen ari nintzenekoa da lan honen hazia. Zati bat haurdun idatzi nuen, eta erditu eta gutxira plazaratu da». Horregatik ere izanen du maite-maitea.