Manex ALTUNA

HARREMAN ESTUAK ETA AURPEGI EZAGUN UGARI, ZILARREZKO EUSKAL DERBIAN

Lehia bizia izango da igande eguerdian -14.00etatik aurrera- Lezaman jokatuko den norgehiagokan, Amorebietak eta Eibarrek ondo ezagutzen baitute elkar. Joseba Etxeberria eibartarren teknikariarengandik hasita, hainbat futbolari bi taldeetan aritutakoak dira, edo Athleticen harrobian taldekide izandakoak.

Joseba Etxeberria Amorebietan entrenatzaile izandakoa da, eta, Mirandan irabazi ostean, beste talde ohi baten aurka luzatu nahiko du taldeak daraman bolada ona.
Joseba Etxeberria Amorebietan entrenatzaile izandakoa da, eta, Mirandan irabazi ostean, beste talde ohi baten aurka luzatu nahiko du taldeak daraman bolada ona. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

25 kilometro baino gutxiago daude Amorebieta eta Eibarren artean. Ordu erdi baino gutxiagoko bidaia da kotxean autobidetik. 19.000 biztanle ditu herri bizkaitarrak eta 27.000 baino gehiago gipuzkoarrak. Txikiak dira Bigarren Mailan dauden talde gehienek ordezkatzen duten jatorrizko populazioari begiratuz gero. Are gehiago, kontuan hartzen bada aldamenean Lehen Mailako taldeak diren Reala edo Athletic dituztela. Amorebietaren kasuan, gainera, klub zuri-gorriarekin hitzartutako taldea da.

Hori da Bigarren Mailako euskal derbia Lezaman jokatzearen arrazoietako bat. Urritxek, Amorebietaren ohiko zelaiak, ez ditu txapelketak eskatzen dituen baldintzak betetzen, eta etxez aldatu behar izan dute. Duela denboraldi gutxi batzuk Bigarren Mailara lehen aldiz igo zirenean, berdina gertatu zen. Amorebieta bezalako talde bat zilarrezko mailara iristea ezustekoa izan zen. Bere garaian Eibarrek Lehen Mailara heldu eta mantentzea lortu zuenean bezala. Ez zen kasualitatea izan. Ondo eta seriotasunarekin lan egiten duen kluba da bizkaitarra. Hobeto edo okerrago egin arren, antzerako ezaugarriak nabarmendu daitezke talde armaginean.

Amorebietak urteak zeramatzan Bigarren B mailan egonkortuta. Diru gutxi izan arren, Asier Goiria kirol zuzendariak sekulako dohainak erakutsi ditu talde lehiakorrak osatzeko. “Talde” hitza azpimarratu behar da.

Goiria da nabarmendu beharreko lehen izenetako bat. Zornotzarra aurrelari izandakoa da eta, nola ez, Eibarren aritutakoa da. 15 gol egin zituen armaginekin Bigarren Mailan 2007-2008 denboraldian. Hurrengo denboraldian, Numantziak fitxatu zuen eta Lehen Mailan jokatzeko aukera iritsi zitzaion. Ibilbide luzea izan zuen eta, futbola utzi zuenean, bere herriko taldearen kirol zuzendaria bilakatu zen.

Postu berrian ezagutu zuen lehen entrenatzailea Joseba Etxeberria izan zen. Eibarren entrenatzaileak Athleticen egitura utzi zuen eta Amorebieta entrenatzeko aukera izan zuen. Denboraldi erdian, kinka larrian zegoen Tenerifetik deitu zioten. Maletak egin eta Bigarren Mailan mantentzea lortu zuen. Hurrengo ikasturte hasieran, ordea, emaitzak txarrak izan ziren, eta kaleratu egin zuten.

LEZAMARA BUELTAN

Bilbao Athletic zuzentzeko proposamena jaso zuen Elgoibarreko entrenatzaileak. Zuri-gorrien bigarren taldearekin, Amorebietaren aurka neurtu zituen indarrak Bigarren B Mailan, eta igotzeko kanporaketak jokatu zituen bi aldiz. Une honetan Amorebietan ari diren Jon Morcillo eta Alvaro Nuñez izan ziren bere taldeko jokalari garrantzitsuenetako batzuk. Morcillo esaterako, Bilbao Athleticen golegile nagusia izan zen 2019-2020 denboraldian Etxeberriarekin, eta lehen taldearekin denboraldiaurrea egiteko aukera izan zuen. Alvaro Nuñez, berriz, minutu gehien jokatu zuen futbolarietako bat izan zen Elgoibarko teknikariarekin.

Athleticek utzita Eibarren dagoen Unai Vencedor ere talde horretako jokalaria izan zen. Zarraga eta Sancetekin batera zelai erdi indartsua osatu zuten, eta hirurek zuri-gorrien lehen taldera pasatzea lortu zuten. Bilbotarrak bi gol egin ditu azken bi partidetan eta bere mailarik hoberena berreskuratzen ari da.

Etxera itzultzea bezalakoa izango da talde armaginean dauden Anaitz Arbilla edo Ager Aketxerentzat ere. Lezamako harrobian hezitakoak dira. Aketxek bikain hasi zuen denboraldia, baina giharretako lesio baten ondorioz ezin izan du azken partidetan jokatu. Yanis Rahmani hegalekoa ere igaro zen talde zuri-gorriaren beheko kategorietatik.

LEHOI IZANDAKO UGARI

Amorebietan lehoi izandako ordezkaritza zabalagoa dute. Erik Moran eta Javi Eraso erdilariak eta Xabi Etxeita eta Iker Segin kapitainak, adibidez. Azken hau eibartarra da izatez. Etxeitak ezin izan du azken partidetan parte hartu, eta talde armaginaren kamiseta defendatu zuen orain dela bi denboraldi jokaturiko derbian. Amorebietak eta Eibarrek bana berdindu zuten Lezaman, eta armaginek Stoichkov-ek lehen minutuan egindako gol bati esker irabazi zuten Ipuruan..

Udan ere neurtu zituzten indarrak Urritxen jokaturiko lagunartekoan. Amorebietak 2 eta 1 irabazi zuen. Zuzendaritza mailan harreman estuak dituzte bi klubek eta joan den denboraldian Yriarte eta Izeta utzita aritu ziren Amorebietan. Venezuelako erdilariak maila bikaina eman zuen Urritxen. Aurrelariak, aldiz, gol mordoa egin zituen eta Bilbao Athleticen amaitu zuen sasoia.

Bestalde, Lasure atzelaria udan iritsi da Amorebietara Eibartik, eta Jon Mikel Magunagoitia atezaina talde armaginaren harrobian aritutakoa da. Zelai barruko eta kanpoko giro on hori harmailetara igaroko da derbian. Hala ere, puntu premiarekin iritsiko dira bi taldeak eta lehia bizia izango da. Inork ez du inolako erraztasunik emango. Eibar bolada onean iritsiko da azken partidak irabazi ondoren eta Amorebietak galdu egin zuen Ferrolen. Bi taldeak ispilu bat izan daitezke elkarrentzat. Herri txikiak izan arren -Amorebietak Bigarren Mailako aurrekonturik baxuena dauka-, futbolean eredu izan daitezke.