Ane URKIRI ANSOLA
PILOTA

Peio Etxeberriak airean eraman du Jaka, ligaxkako lehen puntua eskuratzeko

Zenotzekoa nagusitasunez gailendu zitzaion Erik Jakari Lau eta Erdiko ligaxkako estreinako partidan, hasieratik abantaila polita lortuta. Multzo berean daude Ezkurdia, iazko txapelduna, eta Salaberria; hauek, etzi neurtuko dituzte indarrak, Lekunberrin.

Peio Etxeberria Jakaren aurka, udan, Caixabank Masters txapelketan.
Peio Etxeberria Jakaren aurka, udan, Caixabank Masters txapelketan. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Kolore urdina nagusitu zen atzo, Sorian, Lau eta Erdiko ligaxkako lehendabiziko partidan. Airean eraman zuen Peio Etxeberriak Jaka -nahiz eta atsedenaldi luzearen ostean gipuzkoarrak, kosta ahala kosta, erreakzioa bilatu zuen- eta lehendabiziko puntua batu zuen, seriotasunez eta txukun, diziplina honetako espezialista dela erakutsiz.

Azken bi edizioetako finalerdietara iritsi da Zenotzeko pilotaria eta aurten, gutxienez, emaitza errepikatzea izango du helburu, bai eta koska bat igo eta final handira sailkatzea ere. Horretarako, baina, asko falta da oraindik. Lau eta Erdikoa ez da Binakakoa bezain luzea, baina lehen partida irabazteak ez du ezer ziurtatzen. Bigarren jardunaldia izaten da gakoa eta, horra begira, nafarrak urrats bat egin duela agerikoa da.

«Partida zaila zen niretzat, Erik [Jaka] oilarra da, baina jokoz gustura sentitu naiz. Nik gauzak argi nituen eta horrela behar zuen, bera mugitu eta abiadura eman, ea itotzea lortzen nuen», adierazi zuen Peio Etxeberriak partida bukatu bezain laster. Zenotzekoa lasai, konfiantzaz, aritu zen eta, Lizartzakoa, aldiz, zalantzati agertu zen -berak ere halaxe onartu zuen-.

Erritmo oso bizia, abiadura eta presioa ezarri zuen nafarrak eta 0-5eko lehendabiziko partzialak ere lagundu zion aurrez pentsatutako planari eusten. Bost tanto atzetik zela luze jo zuen Jakak estreinakoz markagailua atontzeko eta eskuinez, behetik, Etxeberriak sufritu zezakeela atzeman zen. Ez zuen aprobetxatu aukera hori Jakak eta Etxeberriak beste 0-7ko partziala ezarri zuen, hain zuzen ere Lizartzakoaren pilotarekin, botileroak emandako aholkuari jarraituta.

JAKAREN AUTOKRITIKA

Aurreneko atsedenaldi luzearen ondoren ahalegindu zen Jaka erreakzioren bat bilatzen, baina ordurako bideratuta zeukan lehia Etxeberriak. 5-14an, txapara botatako pilota, izan zen Zenotzekoaren hutsegite bakanetakoa.

Lizartzakoak, aldiz, onartu zuen horrelako partidak eginda nekez lortuko duela garaipena elitean. Autokritika egin zuen gipuzkoarrak, eta jakitun da, lehen bala galduta, bigarren jardunaldian irabaztea funtsezkoa duela. Ezkurdia eta Salaberria daude multzo berean eta irabazlearen aurka jokatuko du Peio Etxeberriak eta, galtzailea izango du aurrean, aldiz, Erik Jakak.



Eskirozek lehen puntua batu du Promoziokoan

Promozioko Lau eta Erdiko txapelketako ligaxkari dagokionez, bigarren jardunaldia jokatu zen atzo, Sorian, lehen mailako norgehiagokaren aurretik. Eskirozek eraman zuen lehen puntua, Gaskueren aurka erabateko nagusitasuna erakutsita.

Makirriaingo pilotaria, hain zuzen ere, Bakaikoa ordezkatuz sartu da txapelketa honetan. Etxarri Aranatzeko aurrelariak duela bi aste min hartu zuen Itziarren, jaialdiko lehen partidan -pilotalekuan zegoen hezetasun handiarengatik azkenean bertan behera geratu ziren gainontzeko partidak-, eta, proba mediko guztiak eginda, belauneko aurreko lotailu gurutzatua hautsita daukala jakinarazi zuten. Denboraldia, beraz, bukatu da etxarriarrarentzat.

Bakaikoaren hutsunea Iosu Eskirozek beteko zuela erabaki zuen Baikok, aurreko urtean Iker Larrazabalekin batera Promozioko Binakako txapelketa irabazi zuena. Larrazabalek Lau eta Erdiko txapelketako kanporaketa aurrekoa jokatu zuen bitartean -Jakaren aurka galdu zuen, hain zuzen-, nafarrak bigarren mailako torneoko lehen puntua eskuratu zuen atzo, Gaskue 5-22 garaituta.

Lehen jardunaldian, aurreko asteburuan, Alberdi II.aren aurka galdu zuen Makirriaingoak (16-22) eta atzo, Sorian, estreinakoz irabazi zuen eta beraz, finalerdietara sailkatzeko aukerekin jarraitzen du. Multzo bereko Alberdi II.ak eta Expositok bihar jokatuko dute, Bilbon. A.U.A.