Peli LEKUONA
DONOSTIA

Turistifikazioa gelditu eta desazkundea babesteko deia Donostian

Urriaren 22rako manifestazioa antolatu dute Donostian, «turistifikazioari stop» esan eta «desazkundea» babesteko. Bizilagunekin plataformako Asier Basurtorekin mintzatu gara, baita Nekane Arzallus udal zinegotziarekin ere. Lehenaren ustez, «operazio kosmetiko bat» egiten ari da Udala. Bigarrenak dio «oreka bilatu» behar dela, turismoaren onurak ahaztu gabe.

Etxebizitza asko garestitu da Donostian, besteak beste, turistifikazioaren ondorioz.
Etxebizitza asko garestitu da Donostian, besteak beste, turistifikazioaren ondorioz. (Jon URBE | FOKU)

Egunotan Turismo Gastronomikoaren Mundu Foroa egiten ari da Donostian. Aurki etorriko da Turespaña konbentzioa ere. Bizilagunekin plataformak bi ekitaldi horiek baliatu ditu Turistifikazioaren Aurkako Urria iragartzeko. Abiapuntua Turismoaren Kolapsoaren Eguna izan da. Urriaren 7ko asteburuan pankarta erraldoi bat zabaldu zuten Kursaal parean, alde batetik Munduko Turismo Erakundeak «estatuak turismo-industriaren mende» jartzen dituela salatzeko; bestetik, foro hori antolatu duen Basque Culinary Center ere «turismoa sustatzeko erakunde bat» dela uste dutelako, «ezagutzaz eta berrikuntzaz mozorrotu» arren.

“Welcome to Pintxoland” ekimena egin du Bizilagunekin plataformak. Asier Basurto kideak Naiz Irratiari kontatu zionez, ekintza ironiko bat izan da, auzotarrei zuzendua. «5.000 eskuorri baino gehiago banatu ditugu. Horietan pintxoen deskribapenak zeuden, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez. Euskarazko testuan, berriz, auzoaren egoera eta taberna horietan euskal hiztunek jasaten duten bazterketa salatu dugu». Desazkunde Turistikoaren kalean dago Etxe Arrotz Bar Restaurant. Kontaktu gisa, Udalaren telefonoa jarri dute.

Basurtok baieztatu zuenez, orokorrean, Donostian kanporatze prozesu bat gertatzen ari da, nagusiki etxebizitza-larrialdiak eraginda. Parte Zaharrean bizi baldintzak asko kaskartu dira: deskantsurako eskubidea, kalean ibiltzeko aukera, zarata, zaborra... Bertako auzo elkartea, euskara batzordea, gazte asanblada eta Ernai ere batu dira ekintzara. Horrek erakusten du sortutako kezka.

EGITURAZKO NEURRIAK

Donostiako ehun lagunetik hamar turistak dira eta ondorengo hiru urterako %20ko hazkundea aurreikusten da. «Gure ustez, aspaldi jo zuen goia turismoak. Okerrena da azken zortzi urteetan inertzia bat sortu dela eta, orain hori gelditzen saiatuta ere, eman zaion bultzadarekin seguruena momentuan ezingo da kontrolatu. Iruditzen zaigu etxeen merkatuan, hiriaren egitura ekonomikoan, hirigintzan, kulturan... kalteek onargarria denaren marra aspaldi gainditu zutela eta neurri estrukturalak hartzeko unea dela».

Desazkunde prozesu bat proposatzen dute, «trantsizio bat, ahalik eta ez-traumatikoena, sektore horren pisua ez dadin gehiago hazi eta beste sektore batzuk indartu daitezen».

Donostiako Udalak iragarri du ez dituela ostatu-jardueren lizentzia gehiago emango Antigua, Gros eta Egiako zati batean. Basurtoren arabera, «operazio kosmetiko bat» da, «politikoki kalkulatua, ohartu direlako donostiarren gehiengoa oso kezkatuta dagoela gai honekin eta, beraz, kontatu behar dute neurriak hartzen ari direla. Errealitatean, berriz, atea irekia utzi dute oraindik hotel gehiago jartzeko».

TURISTA, URRUNAGOKOA ETA ABERATSAGOA

Berriki jakin da Ijentea II eraikinean etxeak eraikiko direla eta Groseko Telefonicako eraikinean ere bai. Luxuzkoak izango dira. Hoteletan ere izar gehienekoak ugaritu dira gehien. «Gertatzen ari den elitizazio prozesuaren barruan ulertu behar da hori. Turisten profila asko aldatu da: urrunagotik datoz, gaitasun ekonomiko handiagoa dute, eta horrek sortzen duen kaltea handiagoa da. Hiriko estandarrak, kontsumo eta etxebizitzarenak, igotzen ditu eta horrek eragiten du donostiarren kanporatzea».

Bere iritziz, neurri batzuk berehala hartu beharrekoak dira: alokairuaren prezioak arautzea eta etxebizitza turistikoak debekatzea, adibidez. Argitu zuen ez dela betiko arazoa, Nekane Arzallusek dioenaren kontra, eta egoera asko larriagotu dela. Basurtok azaldu zuenez, donostiarrak «masiboki» kanporatu dira eta horrek esan nahi du beren sare komunitariotik ateratzea. Biztanleak hartu dituzten herriek ere inpaktuak jasan dituzte.

OREKA

Donostian %85 hazi zen turismoa 2005 eta 2019 artean; 2019tik 2022ra, aldiz, %16. Nekane Arzallus Donostiako Hirigintza Iraunkorreko zinegotziak nabarmendu zuen «oreka bilatu» behar dela, eta herritarrak zaindu. Azken bi legegintzaldietan hainbat neurri onartu dituztela azaldu zuen. Esaterako, etxebizitza turistikoen ordenantza eta Alde Zaharra eremu saturatu izendatzea. Hala ere, arautzen jarraitu behar dela uste du.

Udalak hiri antolamenduko plan orokorra (HAPO) moldatuko du, turismoaren presiopean diren eremuetan bizitegi-erabilerako lursail eta eraikinetan hotel, etxebizitza turistiko edo bestelako ostatu-erabileretarako lizentzia berrien lagapenak bertan behera uzteko. Eremu batzuetan ezingo da ez etxebizitza turistiko ez hotel gehiago eraiki. Beste eremu batzuetan, hotelak eraiki ahal izango dira, baina ez bizitegi lursailetan. Salbuespenerako tartea ere bada, esaterako, ondare edo kultur balioa duten eraikinekin.

Zinegotziak onartu zuen neurriak hartu beharra dagoela, turismoaren onurak ahantzi gabe: «Donostia ez da turismoarekin bizi, baina hiriko BPGaren %13a da».