Z.I.
PILOTA

Gaur da Hiru Hiriburuak txapelketako finala

Zabala, Garai, Aldai eta Bergara.
Zabala, Garai, Aldai eta Bergara. (HIRU HIRIBURUAK)

Ogetatik (Gasteiz) eta Atanotik (Donostia) pasatu dira, eta Bizkaiko pilotalekua (Bilbo) falta zaie Hiru Hiriburuak binakako txapelketari amaiera emateko. Gaur jakingo da zein bikotek eramango duen txapela, Leire Garaik eta Irati Zabalak edo Amaia Aldaik eta Arrate Bergarak. Iazko lehen edizioko irabazlerik ez da izango, Olatz Arrizabalaga eta Andrea Capellan izan baitziren txapeldunak. Gernikako aurrelariak finalerdietan agur esan zion txapelari, eta atzelariak, final laurdenetan.

Hain justu, Garai-Zabala bikoteak eman zuen ezustekoa finalerdietan, Arrizabalaga eta Itxaso Erasun 22-17 mendean hartuta. Bientzat estreinako finala izango da Hiru Hiriburuak txapelketakoa, eta Lizartzako atzelariarentzat lehen finala elite mailan.

Bergara ere aurrenekoz ariko da txapelketa horretako finalean. Beraz, lau finalistetatik hiru berriak dira. Aldai da bakarra, iaz Hiru Hiriburuak binakako txapelketako finalean sartu zena. Dimako aurrelariari Master Cup zirkuituko txapelketa hori bakarrik falta zaio palmaresa osatzeko, eta bihar aukera ezin hobea izango du hori lortzeko. Aldaik 11 final irabaziak ditu. Aldai-Bergara bikoteak aise irabazi zuen finalerdietan, Zabaleta eta Mendizabal 22-11 garaituta.

FINALERA EZUSTEAN

Finalerdietan ustekabea eman zuten Garaik eta Zabalak, Arrizabalaga iazko garaileari eta Erasun bere bikoteari irabazita. «Uste dut inork ez zuela gure alde ezer ematen, eta azkenean uste dut Iratik [Zabala] eta biok txapelketa osoan maila ona erakutsi dugula», adierazi du Gasteizko aurrelariak.

Bilboko Bizkaia pilotalekuan jokatuko dute finala, eta Zabalarentzat berezia izango da, «horrelako frontoi batean» ez delako edozein unetan jokatzen, eta «ilusio berezia» du. Lizartzako atzelariak aurrenekoz jokatuko du Bizkaia pilotalekuan.

Finalari begira, Bergarak «nahiko pareko» ikusten du lehia: «Finalerdian Leirek [Garaik] eta Iratik erakutsi zuten sekulako defentsa dutela». Bide beretik, buruz buruko txapeldunak adierazi du jokatzeko «modu ezberdinak» dituztela eta uste duela «opari gutxien» egiten dituenak eramango duela txapela.