Demagun
Haurrek galderak maite dituzte. Guk ere bai, guztiak egitera ausartzen ez bagara ere (badakizue, «ez dela galdera tontorik existitzen»). Sarritan jartzen gaituzte egoera fantastikoetan: «Nora joanen zinateke teleportatu ahalko bazenu?», «zer eginen zenuke lau besorekin?», «eta 20 urte gutxiago izanen bazenitu?». Imajinario utopikoa partekatzen dugu denok, behin mundu amaigabea irekita, eta «demagun» hitza giltza gisa erabiltzen dugu: loteriaren merkatuak horrela funtzionatzen du, adibidez.
Baina utopiak ez dira berdinak lurralde guztietan. «Demagun genozidio egoeran bizi zarela», «demagun bihar bonba batek suntsituko duela zure etxea»; hauek urrunago egiten zaizkigu bakean bizi garenoi. Queering The Map mapa-komunitate bat da, eta erabiltzaileek euren LGTB esperientziak bidaltzen dituzte kokapenarekin, mapa kolektibo bat osatuz. Azken egunotan, puntu beltz anitz agertu ziren mapan, Palestinan. Erabiltzaile batek idatzi zuen: «Ez dakit zenbat denbora biziko naizen. Ez naiz hemendik joanen. Bonbardaketan hil zen mutila ez musukatzea damutzen naiz. Nire buruaren zati handi bat hil zen batera, eta laster hil eginen naiz. Musu emanen dizut zeruan». Ba, hori, demagun bihar hilko zarela...