Maider EIZMENDI
Kazetaria
JOPUNTUA

Bisitariak

Parean geldialdia egin, begiak zabal-zabal, eskuan duten ohartxoa irakurri eta argazkiak ateratzen ikusi ditut ezezagun batzuk. Egunero-egunero pasatzen naiz ni bertatik eta kanpotik, nork daki nondik eta noren gomendioz, iritsitakoen bizkar gainetik gaur beste xarma bat hartu diot, besteetan ez bezala edo denbora luzeagoz begiratu diodalako, akaso. Ez naiz inoiz turistek bisitatu beharreko tokien zerrendan agertzen den parajeetako batean bizi izan; akordatzen naiz, gazteak ginela, inoiz herrira bisitan etorritako bisitariren bati goitik behera begiratu geniola tabernan sartu zenean, eta susmo txarrak ere piztu zizkigula.

Etxetik gehiegi urrundu nahi ez, eta Euskal Herrian eta haren mugan diren hainbat toki bisitatu ditut azken denboran, aurretik bisitatuak nituenak asko, inoiz zapaldu gabekoak besteak. Usaindu, entzun eta arretaz begiratzea merezi duten altxorrak ia denak, ezagutu eta berrezagutu, ordu edo egun gutxi toki batean egoteak hura deskubritzeko eta bizitzeko dituen mugak onartuta. Hala ere, zenbait kasutan nahikoa izan da ohartzeko eta sentitzeko ni ari naizela besteen txokoetan sartzen, herritarrentzat ia oharkabean pasatzen diren altxorrak argazkietan jasotzen, eta susmo txarra ez dakit, baina bai, agian, ernegua eragiten; ez zait batere gustatu sentsazioa. Tokia aurretik bisitatu dutenen oharrak eta iritziak iparrorratz hartuta, bisitaria izateak horixe du, zapaldutako bideak zapaltzea eta ezagutu gabekoak baztertuta ibiltzea, ilara luzeek eta jendetzak ezkutatzen dituzten tokiek ustez duten magia galtzeko beldur, imitazioz ia. Hala entzun nion orain gutxi nahi baino bisitari gehiago jasotzen dituen herri bateko bizilagunari kexu, poltsikoak bete baino eguneroko trakesten duen jendetzaz okituta, herrian etorkizunean zer nolako arrastoa utziko duen kezkatuta.

Batzuen kezka, besteen desira; bitartean, turista hoberenen ehizan jarraitzen dugulako, denbora luzean eta gasturik handiena egiten duten bisitarien zerrendan gure bazterrak nola kokatuko.