GARA
DONOSTIA
Elkarrizketa
IDURRE ESKISABEL LARRAÑAGA
Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia

«Botere judizialaren esku gelditzen ari da hizkuntza politika»

Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi Idurre Eskisabelek EAEko Auzitegi Nagusiaren azken epaia salatu zuen, euskarari lehentasuna ematen dion Udal Legearen aurkakoa. NAIZ Irratiarekin elkarrizketan, hizkuntza politikak botere judizialaren esku gelditzen ari direla esan zuen. Azaroaren 4rako Bilbon manifestazio nazionalera deitu du Kontseiluak.

(Aritz LOIOLA | FOKU)

 

Joan den uztailean Espainiako Konstituzio Auzitegiak euskarari lehentasuna ematen dion Toki Erakundeei buruzko EAEko Legearen artikulu bat baliogabetu zuen, gaztelania kaltetzen zuela argudiatuta. Orain, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Auzitegi Nagusiak bide bera hartu eta lege horren beste artikulu batzuk utzi ditu bertan behera. Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak euskararen biziberritzearen eta hizkuntza normalizazioaren aurkako oldarraldi judizialean «pauso bat gehiago» izan dela nabarmendu zuen NAIZ Irratiarekin elkarrizketan.

Oroitu zuenez, «oldarraldi hori aspalditik dator Nafarroan, EAEn bete-betean ikusten ari gara orain eta Ipar Euskal Herrian ere baditu bere formak», baina egia da azken hilabeteetan Araba, Bizkai eta Gipuzkoan gertatu den «intentsifikazioak» asaldura sortu duela.

«Eraso hau bat gehiago da. Eta gertatzen ari zaigun beste gauza bat da ‘larritasuna’ hitza egoera, aldartea, definitzeko, epai hauetako bakoitzak dakarkiguna adierazteko, gero eta funsgabeago bihurtzen ari zaigula. Ematen du koxka bat igotzen doala. Benetan uste dut euskaltzale garen guztiok eta hizkuntz berdintasunean sinesten dugun guztiok oso ondo pentsatu behar dugula zer ari den gertatzen eta honi nola aurre egin».

UEMAko udalak jomugan

Baliogabetu diren artikuluak ez dira nolanahikoak: udal jarduerak, euskararen lehentasuna, bozgorailuetako hizkuntza-lehentasuna bertan behera gelditzea... «Azken epai honek, Vox-ek jarritako helegite bati erantzunez, ez dezagun ahaztu, bereziki jartzen ditu jomugan Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko udalak eta bertan garatzen ari diren hizkuntza politikak, eta Euskal Herri osoari begira larritasun berezia du, UEMAko herri horiek direlako euskararen biziberritzean trakzio indarra egiten duten hizkuntza politikak aplikatzen dituztenak».

Eremu judizialean hizkuntza-ideologia bat dagoela argi gelditzen ari dela adierazi zuen Eskisabelek; gaztelaniaren «kokapen supremazista» batetik edo «jarrera euskarafobo» batetik ekiten ari direla, alegia. Administrazio eta instituzio politikoen esku egon beharrean, hizkuntza politikak «botere judizialaren kontrolpean» daudela salatu zuen.

30 eguneko epea du orain Lakuako Gobernuak sententziari helegitea aurkezteko. Bide juridikoaz gain, bestelako irtenbide soziopolitikoak beharko direla uste du Eskisabelek. Ildo horretan, euskararen normalizazioa helburu duten eragile sozial guztiek norabide berean jardutea beharrezkoa izango dela aldarrikatu zuen.